Eibarko Klub Deportiboak ‘Txopitea eta Pakea’ saria jasoko du bere mendeurrenean

Ekitaldia barixakuan egingo da udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan
Eibarko Klub Deportiboak ‘Txopitea eta Pakea’ saria jasoko du bere mendeurrenean
2024/12/10 10:11
eta kitto!

Eibarko Udalak ‘Txopitea eta Pakea’ saria emango dio Eibarko Klub Deportiboari barixakuan, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan egingo den ekitaldian. Deporrek 100 urte bete ditu aurten eta “herriaren garapenean eta proiektzioan egindako lanaren aitortza gisa” jasoko du oroigarria, Udaletik adierazi dutenez.

Jon Iraola alkateak Klub Deportiboak mendean zehar egindako lana goraipatu du: “Deporra klub bat baino gehiago da; instituzio bat da, gure herriaren nortasuna sinbolizatzen duena. Sari hau merezitako aitortza bat da, elkartearen 100 urteko historiagatik eta Eibarko enbaxadore ezin hobea izateagatik”.

 

100 urteko ikurra

Udalak horrela deskribatu du Klub Deportiboa: “1924an sortua, Eibarko Klub Deportiboak funtsezko zeregina bete du hainbat diziplinaren sustapenean, hala nola atletismoan, euskal pilotan, mendizaletasunean, espeleologian edo xakean; eta identitate kolektibo bat bultzatu du, esfortzuan, superazioan eta parte-hartze komunitarioan oinarritua.  Bere lanari esker, kirol-sare zabala sortu da, eta Eibarko balioak herriaren mugetatik haratago proiektatu dira”.

 

Herriko merezimendurik handiena

‘Txopitea eta Pakea’ saria (Jorge Oteizaren eskultura enblematikoaren erreplika), hiriak bere herritar edo elkarte garrantzitsuenei ematen dien merezimendurik handiena da. Dedikazioaren, esfortzuaren eta Eibarrekiko konpromisoaren balioak goraipatzeko ezarri zen, eta esanahi berezia hartzen du elkarte honi ematerakoan; izan ere, kirolaren bidez, Deportiboak nazio mailako eta nazioarteko esparrura eraman baitu herriaren izena).