Gol festa Ipuruan eta SD Eibar Hypermotion Ligako 2. postuan kokatzen da

Jokin Aranbarriren taldeak hiru partida irabazi ditu jarraian, atzokoa Granadaren aurka, 3-0
Gol festa Ipuruan eta SD Eibar Hypermotion Ligako 2. postuan kokatzen da
2026/09/07 09:50
Ekhi Belar Errasti

Lehen jardunaldian lagatako aho-zapore txarra gozotu du SD Eibar-ek azken hiru partidetan. Izan ere, denak irabazi ditu, bederatzi puntu eskuratuz eta Hypermotion Ligako bigarren postuan kokatuz.

Atzo arratsaldean, Granada CF taldea jaso zuen Jokin Aranbarrik zuzentzen duen taldeak eta, hasiera batean partidu gogorra zirudiena, neurketa gozagarria bihurtu zen eibartarrentzat.

Azkar jarri zitzaion partida alde Eibarri, 7. minutuan, zenbait aukera izan ondoren, Ivan Gil-ek lehen gola sartu zuelako area kanpotik jaurti ondoren. Etxekoak erabat nagusi ziren, markagailuan zein jokoan, eta atsedenaldia iritsi baino lehen, Adu Aresen bigarrena sartu zuen baloia hankaren kanpoko aldearekin jo ondoren.

Jokalariek ondo eskertu zuten atsedenaldia, bero handia egin baitzuen atzokoan Eibarren. Etxekoak, ostera, andaluziarrak baino hobeto moldatu ziren egoera horretara eta, atsedenalditik bueltan, 57. minutuan, Jon Guruzetak hirugarren gola sartu zuen gorriurdinentzat. Udan hil den aitonari eskaini zion gola Guruzetak.

Eibarrek lasai jokatu zuen abantaila horrekin eta, epaileak Jair zelaitik bota zuen arren, ondo eutsi zion hamar jokalarirekin.

Garaipen horrekin, Eibarrek bederatzi puntu ditu eta bakarrera du Castelló liderra. Hurrengo jardunaldia datorren astelehenean jokatuko du, irailak 14, 20:30ean, mailaz igo berri den Celta Fortunaren aurka.