Ikasturte berriko lehen irteera egingo dute Klub Deportiboko mendizaleek hilaren 26an eta 27an
Eibarko Klub Deportiboaren Mendi Batzordeak Pirinioetara irteera antolatu du irailaren 26 eta 27ko astebururako, Morkaiko Elgoibarko mendizaleekin elkarlanean. Bi egunetan Mendebaldeko Pirinioetako bi ibilbide egingo dituzte.
Irailak 26, larunbata, Hechotik abiatuko dira, Pta. Remirez eta Foraton lepoa zeharkatu eta Gabarditoko aterpera iristeko. Ibilbideak 17,6 kilometro izango ditu, 1.532 metroko desnibel positiboarekin eta 992 metroko negatiboarekin.
Hurrengo egunean, irailaren 27an, Selva de Oza ingurutik abiatuta Gorreta d’os Gabachos aldera joango dira, Linzako aterperaino. Bigarren ibilbideak 16,25 kilometroko luzera izango du, 1.198 metroko desnibel positiboarekin eta 989 metroko negatiboarekin.
Irteera irailaren 26ko goizaldean egingo dute autobusez. Ostatuan Gabarditoko aterpean egingo dute, eta prezioaren barruan bidaia, afaria, logela eta gosaria sartzen dira. Egun bakoitzeko bazkariak parte-hartzaile bakoitzaren kontura izango dira, baita hilaren 26ko gosaria ere, bidean egingo dutena. Aterpean lo egiteko izara-zakua eraman beharko da.
Bazkide federatuentzat 150 euroko prezioa izango du irteerak, eta bazkide ez-federatuentzat 170 eurokoa. Izena ematean 50 euroko fidantza ordaindu beharko da. Izen-ematea irailaren 9an irekiko da, 18:00etan, Eibarko Klub Deportiboaren eta Morkaikoren webguneetan aldi berean.