Eibarko Koro Gazteak ‘Neguko ahotsak’ diskoa kaleratuko du gaur

Eibarko Koro Gazteak ‘Neguko ahotsak’ diskoa kaleratuko du gaur
2023/12/15 12:52
eta kitto!
Eibarko Koro Gazteak listoia gero eta gorago jartzen dihardu. Telebistako lehiaketetan parte hartu izan dute, kontzertu eta ikuskizun bereziak eskaini dituzte, mila saltsatan ibili dira eta, orain, apostua bikoiztu eta inoizko erronka handienarekin datoz. ‘Neguko ahotsak’ izeneko proiektua garatu dute eta, horren barruan, diskoa eta bideoklipa kaleratzeaz gain, ikuskizun berezia emango dute hilaren 23an. Euren ahotsak izango dira Gabonetako benetako argiak.

KARTELA

Urtebete inguruko lanaren ondoren, argia ikusi du Eibarko Koro Gaztearen proiektu handienak: ‘Neguko ahotsak’. Gabon kantak ardatz hartuta, abeslari gazteek proiektu oso bat garatu dute, maitasun eta dedikazio handiz, formatu ezberdinetan.

Musikari diren aldetik, disko bat grabatzea ametsa betetzea izan da Koro Gazteko kideentzat. “Betidanik ezagutzen ditugun Gabon kantak abesten ditugu bertan, taldekide guztien artean aukeratu ditugunak”. Hala ere, euren proiektua izanda, ezin dugu espero Gabon kanten ohiko diskoa izango denik, eurek berretsi diguten bezala. “Oso disko osoa da. Erritmo aldetik baladak, reggaetoia eta bestelako doinuak entzun ditzakegu”, euren berbetan. “Eta hizkuntzaren aldetik ere ezberdina da. Adibidez, ingelesezko abesti batzuk euskaratu egin ditugu. Hala nola, ‘Let it snow’ abestiari ‘Elurra’ deitu diogu eta ‘Santa Claus is coming’ abestiari ‘Olentzero Eibarren dago’ jarri diogu”, diote. Gainera, diskoaren abesti batzuen alderdi instrumentalean Ustekabe txarangako musikari batzuen doinuak entzun ahalko ditugu.

Taldeko lanaren indarrez atera dute aurrera proiektua, eurek landutako ideietatik abiatuta. “Hori izan da gakoa. Lantalde ezberdinak sortu ditugula eta lanak banatu ditugula, talde-lana sustatuz”, azaldu digute.

Hasierako ideia jarioak abestien moldaketei eman zion bidea, eta gero etorri ziren letren itzulpenak, entseguak, grabaketa, bideoklipa eta ikuskizunaren prestaketa. “Lan oso profesionala izan da, profesionalak sentitu gara. Ordu asko eman ditugu eta jende askok hartu du parte bertan”, euren berbetan.

Korokoek bide luzea egin behar dute diskoa sortzeko, gorabehera asko izan dituen bidea, eta erronka izugarria izan da eurentzat. “Maila handiko proiektua izan da”, esan digutenez, “asko ikasi dugu”

Diskoa sortzearen atzean

Eibarko Udalaren eskutik heldu zitzaien proiektu hau garatzeko proposamena eta oso eskertuta daude proiektua aurrera ateratzeko eman dieten laguntzarengatik. “Betirako eskertuta egongo gara proiektu hau egiteko aukera izateagatik”, diote. “Demaseko esperientzia izan da disko bat sortzearen atzean dagoen guztia ezagutzea”, aitortu digute eta, zentzu horretan, Eibarko Udal Musika Eskolak egindako lan “ikaragarria” azpimarratu dute. “Koroaren eta Musika Eskolako arduradunen artean egindako elkarlana eta esfortzua adierazteko ez daukagu hitzik”, gehitu dute.

Hibai Etxeberria izan da ‘Neguko ahotsak’ diskoaren produktore musikala eta, beste hainbatetan bezala, Walter Tuzzeo ere izan dute bidelagun. “Proiektu asko atera ditugu aurrera bere lanari esker, baina oraingoan diskoak eskatu duen maketazio eta masterizazio lanak maisulan bat ekarri du”, diote eskeronez. “Gainera, Legarren grabatzea oparia izan da. Demasa izan da Eibarren toki hori dugula ezagutzea”.

 

Proiektuaren aurkezpena 23an

Diskoa gaurtik aurrera dago salgai (Sostoa abesbatzarekin eta Juan Bautista Gisasola koroarekin gaur, 20:00etan, Karmelitetan emango duten kontzertuan erosi ahal izango da, besteak beste) eta bideoklipa eguazten iluntzean aurkeztu zuten YouTuben. Bideokliparen ideia Oihane Zabalak eta Jon Alonsok abiatu zuten eta koroko beste kideen elkarlana ezinbestekoa izan da horren lanketan. AZ Visual Mediaren laguntzarekin egin dute ikus-entzunezkoa eta bertan agertzen den eszenografia Marsiren laguntzarekin osatu zuten. “Momentu hartan sortutako sentsazioa paregabea izan zen”, euren ustez.

Datorren asteko zapatuan, hilaren 23an, 19:00etan, “amaiera apoteosikoa” emango diote proiektuari Coliseo antzokian. “Ez da ohiko aurkezpen bat izango, Eibarko Koro gazteak duen esentzia eman nahi diogu. Kontzertu bat baino gehiago, ikuskizuna izango da, antzeztutako zati txikiekin”, dioskue. “Gidoia guk geuk sortu dugu, baina antzezterako orduan Maite Lorenzoren laguntza izan dugu. Ezinbesteko gomendioak eta ideia bikainak eman dizkiguna”, diote esker onez. Izan ere, Maite Lorenzo, Juanma Cano bezala, Koro Gaztearen ohiko kolaboratzailea da.

Korokoak ez dira bakarrik egongo Coliseoko oholtzaren gainean, Juan Bautista Gisasola korukoen eta Sostoa abesbatzakoen laguntza izango baitute. “Behin baino gehiagotan egon gara beraiekin proiektu ezberdinetan eta ezinbestekoa zen beraiek estreinaldian egotea”, Koro Gaztekoen berbetan.

Sarrerak gaur bertan jarriko dira salgai Kutxabanken eta Coliseon bertan. Egun gutxi geratzen dira aurkezpen handirako eta koroko kideak gogotsu daude. Bizitzako lana egin dute urte osoan zehar, zerotik hasita, ideia orijinalak sortuz eta esfortzu handiarekin, eibartarroi Gabonetako opari eder hau eskaintzeko.

 

Argazkiak: Maitane Campos eta Eibarko Koro Gaztea

image00027 image00022

Processed with VSCO with m5 preset

image00016 image00014 image00002_1 image00001_1 EKA_BIDEOKLIPA_2023_MAITANE_CAMPOS-400 EKA_BIDEOKLIPA_2023_MAITANE_CAMPOS-381 EKA_BIDEOKLIPA_2023_MAITANE_CAMPOS-343