Eibarko La Novenakoekin amaituko dira barixakuan Antzerki Jardunaldiak

Emanaldia etzi izango da Coliseon, 19:00etan hasita
Eibarko La Novenakoekin amaituko dira barixakuan Antzerki Jardunaldiak
2025/04/09 13:22
eta kitto!

“Los Reyes Católicos, Colón y otras historias” lana antzeztuko du Ernesto Barrutiaren aginduetara antzerki munduan sartu zen La Novena gure herriko taldeak. Badira 12 urte taldea sortu zutela Ikasten elkartearen eskutik, Esperientzia Eskolako ikasle-ohiekin, eta ordutik beste lan batzuk ere aurkeztu dituzte. Oraingoko tragikomediak ordu eta erdi inguru irauten du eta hor jardungo dute lanean Patxi Mutiloa, Maribel Cascan, Isidro Caramazana, Isa Gonzalez, Eli Iriondo, Asun Sarasua, Conchi Anton, Begoña Moro, Vicen de Luis, Araceli Bono eta Ernesto Barrutia bera. Pianoarekin lagunduko die Juan Luis Aguirrek.

Oraingoan, pertsonaiekin jolas egiteaz aparte, bestelako istorio bat garatzen dute umorea erabiliz. Istorio horietan askatasunaren bila dabiltzan emakume batzuk gertakarien gurpil zoro batean murgilduko dira. Kantu batzuk ere sartu dituzte, zuzeneko musikarekin, ikuslearengana iristeko modu atseginean. Emanaldia etzi izango da Coliseon, 19:00etan hasita.