Eibarko LOMCE Ez taldeak agerraldia egingo du eguenean Untzagan
Bihar eguena (urriak 3) 19.00etan Eibarko hainbat hezkuntza eragilek osatutako LOMCE EZ taldeak agerraldia egingo du Untzagan (harmailetan, eta euria egingo balu udaletxe azpiko arkupeetan). Agerraldirako arrazoia hirukoitza da: Eibarko LOMCE EZ taldearen aurkezpena eta hedapenerako gonbidapena zabaltzea; LOMCE hezkuntza erreformaren inguruan Eibarko LOMCE EZ taldeak duen jarreraren azalpen adostua; eta urriaren 12an Bilbon Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! Inposaketei ez! lemari jarraituta egingo den manifestaziorako gonbitea zabaltzea. Agerraldian hainbat ikastetxetako hezkuntza komunitateko ordezkariek hartuko dute parte: J.A. Mogel Ikastola, Amaña herri ikastetxea, San Andres herri ikastetxea, Arrateko Andra Mari herri ikastetxea, Urkizu herri ikastetxea, Mogel Isasi BHI, Itzio BHI, Uni Eibar-Ermua BHI eta Ignazio Zuloaga BHI (Institutua).