Eibarko Minbiziaren Aurkako Martxarako dortsalak salgai daude dagoeneko

Ekainaren 6an (zapatua) egingo da eta aurten, berritasun gisa, nahi duenak korrika egiteko aukera izango du.
Eibarko Minbiziaren Aurkako Martxarako dortsalak salgai daude dagoeneko
2026/05/26 12:23
Silbia Hernandez Arrazola

Ekainaren 6an Eibarren egingo den Minbiziaren Aurkako Bosgarren Martxa aurkeztu dute gaur goizean, udaletxean, Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteko ordezkariek eta Jon  Iraola Eibarko alkateak.
Adierazi dutenez, aurtengo edizioa, gainera, berritasun batekin dator: ohiko 3 kilometroko herri-martxarekin batera, 5 kilometroko lasterketa bat egingo da, lehenengoz, korrika egin nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten. Antolatzaileek argi laga nahi izan dute ez dela izango lasterketa bat, eta ez dela sailkapenik ezta saririk egongo. Proba berri honen irteera-ordua 10:40ean izango da, Untzaga plazatik, eta ohiko martxa (oinezkoa), berriz, 11:00etan hasiko da, leku beretik. Bestalde, Martxaren ibilbidea Eibarko Ustekabe Txarangako kideek girotuko dute.
Aurreko edizioetan bezala, helburua bikoitza dela adierazi dute: “Minbiziaren aurkako ikerketa bultzatzen jarraitzearen garrantzia ikusaraztea, eta hurbiltasun eta babes mezua helaraztea gaixotasunarekin bizi diren pertsonei eta haien familiei”.
Ibiltzeko zein korrika egiteko izen-emateak ondorengo esteka honetan egin daitezke jada: https://enmarcha.contraelcancer.es/eu/ekitaldia/5-martxan-minbiziaren-aurka-eibarren 
Horrez gain, Martxarako izen-emateak presentzialki egin ahal izango dira, datorren ekainaren 5era arte, jarraian zehazten den tokietan: Untzaga gizarte zentroan, Beheko Tokia jubilatuetan, Amaña es la Caña kioskoan, Urkiko jubilatuetan, Torrekua zentro sozialean, Ipuruako jubilatuetan eta Minbiziaren Aurka Eibarren (Ardantza kalea, 11).
Gainera, maiatzaren 30ean, zapatua, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioak martxan parte-hartzeko kamisetak saltzen egongo dira, 11:00etatik 14:00etara, Guridi taberna pareko arkupeetan. 
Online egin diren izen-emateen kasuan, kamiseta eta dortsalen jasotzea Minbiziaren Aurka Eibarren egoitzan (Ardantza kalea, 11) egin ahal izango da, hurrengo egunetan: ekainak 3, eguaztena (10:00etatik 14:3oetara eta 15:30etatik 18:00etara); ekainak 4, eguena (10:00etatik 14:30etara); eta ekainak 5, barixakua (10:00etatik 14:30etara). 
Jon Iraola alkateak, bestetik, herritarrak animatu ditu ekimenean parte hartzera: “Minbiziaren Aurkako Martxa oso hitzordu berezia bihurtu da Eibarrentzat. Oinez edo korrika, elkarrekin egoteko egun bat da, baina batez ere erakusteko herri bezala elkartuta gaudela denok hurbiletik ukitzen gaituen kausa baten aurrean. Garrantzitsua da parte hartzea, keinurik txikiena ere asko da-eta. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditut Untzagara hurbildu daitezen eta elkartasun jardunaldi honetan parte har dezaten”.
Eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik eskerrak eman dizkiote Eibarko Udalari, “beste urte batez martxaren babesle nagusia izateagatik”, eta baita edizio honetan parte hartu eta jardunaldi hau posible izatea ahalbidetu duten gainontzeko laguntzaileei ere: Eibarko Udala (Urrezko babeslea); Tekniker, Altuna y Uria, Hamma Instruments eta Carza Gipuzkoa (Zilarrezko babesleak); Ascensores Beltran, Ojmar, Jaz, Gol eta Guria (Brontzezko babesleak); SD Eibar Fundazioa, El Diario Vasco, Urkotronik, Solan de Cabras, Eibarko Klub Deportiboa, Los 40 San Sebastian, Amaña es la Caña, Noticias de Gipuzkoa, Cadena Ser San Sebastian, Yogures Goenaga, Danobat Group, ENE! Eibarko Nagusien Elkartea, …eta kitto!, Gurutze Gorria eta Centro Social Unzaga.