Ipuruak Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko Kopako jardunaldia hartu zuen larunbatean

Eibar Eskubaloiko taldeei dagokienez, mutilek beste garaipen bat lortu zuten eta neskek gutxigatik galdu zuten
Ipuruak Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko Kopako jardunaldia hartu zuen larunbatean
(Argazkia: @jandrito64)
2026/11/10 15:47
Ekhi Belar Errasti

Ipuruak Gipuzkoako Eskubaloi Egokituko Kopako jardunaldia hartu zuen joan den larunbatean. Eibar Eskubaloiak antolatutako egunean, entrenamendu ireki bat egin zuten eta, horrez gain, taldeen arteko hainbat partida jokatu zituzten.

Kirola, inklusioa eta elkarbizitza izan ziren jardunaldiaren protagonistak, baita bertaratutakoen arteko giro ona ere. Klubak egun berezia eta polita izan zela nabarmendu du, une eta irribarre askorekin.

 

Mutilen taldea lidergoan

Gizonezkoen Lehen Nazional Mailan jokatzen duen Eibar Eskubaloiak lidergoa eskuratu zuen asteburuan, Trapagarani 31-23 irabazi ondoren. Aipatzekoak dira Jon Barruetabeñak lortutako zazpi golak, baina talde osoaren lana nabarmendu beharko litzateke.

Fernando Fernandezek zuzentzen duen taldeak 14 puntu ditu orain eta atzetik ditu Tolosa puntu batera eta Barakaldo bi puntura.

 

Puntu bakarrarengatik berriz

Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailako taldeak, bestalde, ez dihardu zorte handirik izaten denboraldi hasiera honetan. Izan ere, azken bi jardunaldietan puntu bakarrarengatik galdu du, azkenengo honetan 23-24 Kukullaga Etxebarri taldearen aurka.

Emaitza horrekin, eibartarrak 12. postuan daude azken bi taldeekin bi puntura berdinduta.