Eibarko Musika Bandak agur esango dio kaleko kontzertuen denboraldiari igande honetan

Emanaldia 12:30ean hasiko da, Toribio Etxebarria kalean; euria eginez gero, udaletxeko arkupeetan
Eibarko Musika Bandak agur esango dio kaleko kontzertuen denboraldiari igande honetan
2026/09/29 11:09
Ekhi Belar Errasti

Kaleko kontzertuen denboraldia amaituko da igandean Eibarko Musika Bandarentzat. “Bandaren kontzertu klasikoa izango da”, Andoni Vazquez zuzendariaren arabera. Emanaldia 12:30ean hasiko da, Toribio Etxebarria kalean, baina “eguraldi eskasa egin balu”, udaletxeko arkupeetan egingo lukete.

Errepertorioari dagokionez, honakoa esan digu Vazquezek: “’Domingo Ortega’ (Ledesma y Oropesa) pasodoblearekin hasiko gara; gero zarzuela aukeraketa batekin jarraituko dugu (‘El Bateo’, F. Chueca); euskal kantuen mix bat eskainiko dugu (‘Vasconia’, J. I. Lopez de Luzuriaga); ondoren, 1965eko pelikula baten soinu banda bat, benetan polita, jazzean oinarritua (‘The great race’, H. Mancini); eta amaitzeko, Xavier Cugat musikari katalan ospetsuaren hiru kanen moldaketa eskainiko dugu (‘Cugat’s cocktails’, R. Toombs).