Eibarko negozio eta enpresetarako Udalak ematen dituen laguntzak eskatzeko epea zabalik dago
Eibarko Udalak, Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza sailaren bitartez, herrian dauden negozio eta enpresentzako dirulaguntzen bi programen edizio berri bana abiatu ditu: industria-enpresa txikientzako laguntzak, hauen erronka teknologikoak lortzeko; eta instalazioak lekuz aldatu, handitu edo modernizatzeagatik enpresentzako laguntzak.
Lehenengo dirulaguntza Eibarren kokatutako 50 langile arteko industria-enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko azterlanak eta ekintzak egiten laguntzera bideratuta dago. Aurten Udalak 80.000 euro erabiliko ditu programa honetan; nolanahi ere, baimendutako kreditua agortuta eskabideak erantzun barik geratzen badira, aurrekontu-partida gehitu egin ahalko da, gehienez %20 baten.
Hala, deialdi honetan lau kontzeptu lagunduko dira diruz. Lehenik, berrikuntzan (produktuena, zerbitzuena edota prozesuena), nazioartekotzean eta proiektuen finantzazioan espezializatutako aholkularitza. Atal honetan, programak egindako ekintzen kostuaren %60eraino finantzatuko du.
Bigarren atalean, berriz, produktuetan, zerbitzuetan eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak —hortik lehiakortasun-abantailak eratortzea espero da—sartzera zuzendutako elementuak eskuratzeko finantzazioa sartzen da, bai eta produktu berriak eta egungo prozesuak garatzearekin estu lotuta dauden elementuak ere. Kasu hauetan, egindako jardueraren kostuaren %80 lagunduko da diruz.
Eta diruz lagunduko den hirugarren atalean, nazioartekotzea sustatzeko ekintzak, %50eraino finantzagarriak, sartzen dira.
Azkenik, aurtengo deialdian, trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko ekintzak berriz ere diruz lagunduko dira; besteak beste, produkzio-prozesuaren eraginkortasuna handitzeko eta materialak eta baliabideak aurrezteko ekintzak. Kasu hauetan, %80eraino finantzatuko da.
Enpresek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Eibarren lantokiren bat duten enpresa industrialek, azken sei hilabeteetan 50 langile edo gutxiago badituzte plantillan, eta deialdian zehazten diren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren talderen baten barruan zergak ordaintzen badituzte. Era berean, diruz lagun daitezkeen azterlan eta ekintzak 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira.
Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, gehieneko zenbatekoa 4.750 eta 5.500 euro artekoa izango da, langile-kopuruaren arabera. Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren 3. mailan sailkatuta dauden enpresen kasuan, dirulaguntzak 1.000 euro gehiagoko zenbatekoa izango du. Eta enpresa bat baino gehiagoren arteko baterako proiektuen kasuan, zenbatekoa %25ean handituko da. Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak azaroaren 8ra arte aurkeztu daitezke.
Ehun ekonomikoa dinamizatu, indartu eta modernizatzeko laguntzak
Abian jarritako bigarren dirulaguntzak hiriko ehun ekonomikoa dinamizatu, indartu eta modernizatzea du helburu, eta, horretarako, edozein jarduera eta tamainatako enpresak handitu, modernizatu edo lekuz aldatzea laguntzen du. Horretarako 60.000 euroko partida du, eta aurrekoak bezala, aurrekontu-partida % 20raino handitzeko aukera aurreikusten du.
Dirulaguntza hau jaso nahi duten enpresaren lantokia Eibarren egon behar da eta enpresaren instalazioak Eibarko udalerriaren barruan lekuz aldatu, handitu edota modernizatu; edo, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra Eibarrera etorritako enpresak izan behar dira. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ere alta emanda egon beharko dute 2023ko urtarrilaren 31a baino lehenagotik.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira: aholkularitza fiskala, lanekoa, kontabilitatekoa, teknikoa, juridikoa edo administratiboa; jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioa eta lokalak eraberritzeko eta egokitzeko obrei dagozkienak; instalazio teknikoetan, makinerian, tresnerian, altzarietan, informazio-prozesuetarako ekipoetan edo aplikazio informatikoetan egindako inbertsioetakoak; edo energiaren eraginkortasuna edo efizientzia hobetzeko berritze- eta egokitze-lanak eta negozio-eredu iraunkorragoak sortzeko inbertsioak.
Udalak emango duen dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen %80 izango da, gehienez ere 6.000 euro.
50 langile edo gutxiago (erronka teknologikoak) dituzten Eibarko enpresen lehiakortasuna hobetzeko azterlanak eta ekintzak egiteko laguntzak eskatzen dituzten industria-enpresek ezin izango dute dirulaguntza hau eskatu inbertsioengatik, baina bai diruz lagundu daitezkeen gainerako kontzeptuengatik.