Eibarko Ongizate Emozionalaren Udal Behatokia jarri dute martxan

Herritarren ongizate emozionalaren inguruko datuak bildu eta prebentzio neurriak diseinatzea da tresnaren helburua; Eibarko biztanleen %30 inguruk parte hartzea nahi dute.
Eibarko Ongizate Emozionalaren Udal Behatokia jarri dute martxan
2026/10/08 14:20
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak Ongizate Emozionalaren Udal Behatokia jarri du martxan, herritarren ongizate emozionalaren inguruko datuak modu jarraituan biltzeko. Eibarko biztanleen %30 inguruk parte hartzea lortu nahi dute, udalerriko egoeraren berri izateko eta antzemandako beharrei erantzuteko neurriak diseinatzeko.

Parte-hartzaileen adina, sexua, jatorria eta bizilekua ere hartuko dituzte kontuan, besteak beste. Ekimenaren abiapuntuan daude Udalak azken urteetan egindako hainbat diagnostiko: Eibarko Gizarte Diagnostikoa, nahi gabeko bakardadeari buruzko azterketa eta Haurren eta Nerabeen I. Planaren barruan egindako diagnostikoa. Lan horiek erakutsi dute badirela ondoez emozionaleko egoerak, askotan ikusten ez direnak eta laguntza eskatzeraino iristen ez direnak.

Haur eta nerabeei begira

Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, Behatokiak egoera horiek lehenago antzemateko aukera emango du. Haur eta nerabeen ongizateari arreta berezia eskainiko diote, besteak beste, antsietatearekin, autoestimuarekin, presio sozialarekin eta ziurgabetasunarekin lotutako zailtasunak aztertzeko.

Archelik nabarmendu du informazio horrek lagunduko duela udalaren esku-hartzeak herritarren beharretara egokitzen.

Parte hartzeko bi aukera

Herritarrek Internet bidez edo telefono-deien bidez parte hartu ahal izango dute. Prozesua errazteko, Bruna izeneko elkarrizketa-agentea erabiliko dute, ongizate emozionalean espezializatua. Tresna digitalen erabileran hain ohituta ez dauden herritarrei ere parte hartzeko aukera ematea da helburuetako bat; horregatik, 50 urtetik gorakoentzat telefono bidezko bidea bereziki sustatuko dute.

Udalaren arabera, parte-hartzaileen elkarrizketak pribatuak eta isilpekoak izango dira. Gainera, parte hartzen dutenek ongizate emozionala eta osasuna sustatzeko gomendioak eta baliabideak eskuratu ahal izango dituzte plataforma baten bidez.

Jon Iraola alkateak esan duenez, Behatokiak “herritarren errealitatea hobeto ezagutzeko eta lehenago jarduteko” balioko du. Udalaren zaintza estrategiaren barruan kokatu dute ekimena, nahi gabeko bakardadearen, zaintzaren, gizarte diagnostikoaren eta berdintasunaren arloan egindako lanekin batera.