Eibarko ordezkari politikoen adierazpenak jaso ditugu, hauteskundeetan izandako emaitzak jakin bezain laster

Hauteslekuak itxi eta boto-zenbaketa amaituta, Eibarko ordezkari politikoengana jo dugu, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetako kanpaina nola ikusi duten galdetzeko, eta emaitzen inguruan egiten duten irakurketa jasotzeko.
Eibarko ordezkari politikoen adierazpenak jaso ditugu, hauteskundeetan izandako emaitzak jakin bezain laster
2024/04/22 01:15
eta kitto!

Arantza Mata (EH Bildu)

Eibarren, eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, zenbat jendek hartu duen parte kanpainan ikaragarria izan da. EH Bilduren komunitatea geroz eta handiagoa da, eta hori eskertzekoa da. Gaur ere argi geratu da hori, zenbat ahaldun eta zenbat artekari egon diren lanean ikusi besterik ez dago. Alde horretatik, EH Bilduren komunitate osoa zoriondu behar dugu. Oso pozik gaude emaitzekin, eskerrik asko bozkatu gaituzten guztiei. Lehen aldiz lortu dugu lau mila bototik gora izatea, Legebiltzarrerako hauteskunde batzuetan Eibarren irabazten dugun lehen aldia da, eta bigarren indarrarekiko aldea ere nabarmena da. Eibarren emaitzak oso oso onak dira.

Josu Mendicute (EAJ-PNV)

Hauteskunde eguna normaltasunez joan da, ez da arazorik egon eta parte hartzea duina izan dela uste dut. Jaitsi egingo ginela esaten zuten eta, kontrara, botoetan igo egin gara, Euskadin zein Eibarren. Bi indar bakarrik gaude Eibarren botoen %30etik gora ditugunak, eta bigarren geratu gara, bi puntura. Hauteskunde hauek nola aurkezten ziren ikusita, herritarrak mugitu direla uste dugu eta emaitza ona dela. Ikusita orain dela lau urtetik hona jende gehiago mugitzeko gai izan garela, jende horrekin oso eskertuta gaude.

 

Ana Telleria (PSE-EE)

Gure aldetik, Eibarren, eta gainera Eneko Andueza eibartarra izanik, oso giro ona ikusi dugu. Eta jendearen jarrera gurekiko zein izan den ikustea pozgarria izan da guretzat. Emaitzei begira, eta orain dela lau urteko emaitzekin alderatuta, boto guztiak kontatzen amaitzen ari diren honetan, badirudi orduan izandako emaitzak pixka bat hobetuko ditugula. Orduan, alde horretatik pozik gaude, hirugarren indarra gara. Hauteskunde bakoitza ezberdina izaten da, baina espero genuena bete egin da.

 

Isabel Fernandez (Elkarrekin Podemos)

Izan ditugun emaitza txar horiek onartu egiten ditugu, gure gain hartzen dugu erantzukizuna. Baina gure proiektu hau herri honen etorkizunerako oso beharrezkoa dela uste dugu. Bideak aurrera jarraitzen du udaletan, Batzar Nagusietan, erakunde horietan herritarren eskubideak defendatzeko gure botoa garrantzitsua baita. Gure espazioa indartzea ezinbestekoa da, txandakatzea eman dadin. Eskerrik asko gure hautagai guztiei, baita gure militantzia indartsu eta ausartari, horiek baitira Elkarrekin Podemosen bihotza.