Eibarko paisaia linguistikoa euskaratzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago
Merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten establezimenduen kanpoko eta barruko errotulazioa euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzeagatik dirulaguntzak ematen ditu Eibarko Udaleko Euskara sailak. Eta ez hori bakarrik, irudi korporatiboko elementuetan eta dokumentuetan euskara erabiltzeagatik ere ematen zaie laguntza ekonomikoa Eibarko establezimenduei.
Errotuluak, inskripzio finkoak eta irudi korporatiboko elementuak euskaraz edo ele bitan jartzeko dirulaguntza jasotzeko epea dagoeneko zabalik dago, eta azaroaren 15era arte egongo da eskaera aurkezteko aukera. 2023ko azaroaren 14tik 2024ko azaroaren 15era egindako gastuak hartuko dira kontuan, hau da, urte natural osoa. Bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direnean errotuluan edota irudi korporatiboan, euskararen presentzia gutxienez gaztelaniaren parekoa izan beharko da.
Patxi Lejardi Udaleko Euskara saileko buruak eta Junkal Txurruka euskara teknikariak esan digutenez, "Udala 2019an hasi zen dirulaguntza hori ematen, eta helburua da Eibarko merkataritzan, ostalaritzan eta kaleko paisaia linguistiko pribatu horretan euskararen presentzia handitzea. Pertsona batek negozio bat ireki behar duenean, edo bere establezimendua berritu behar duenean, momentu egokia da, alde batetik, gauzak ondo egiteko. Eibarko errotuluen ordenantzak dio jartzen diren errotuluak euskaraz edo ele bitan egon behar direla. Askotan hori ez da betetzen, eta dirulaguntza honen bitartez modu positiboan lagundu nahi da hori betearazten".
Dirulaguntza ez da errotulu nagusi hori euskaraz ipintzeko bakarrik. Badago "errotulazio finkoa" deitzen dena ere: denda askok, adibidez, biniloak jartzen dituzte eskaparateetan, eta establezimendu barruetan indikadore batzuk egoten dira (irteera, sarrera, komuna...). Horiek euskaraz jartzeagatik ere diruz laguntzen dugu", diote.
Esandako moduan, badago hirugarren jarduera bat kontuan hartzen dena dirulaguntzak banatzeko: irudi korporatiboko elementuak euskaraz edo ele bitan jartzea, hain zuzen ere. Hor sartzen dira bezeroari ematen zaizkion poltsak, biltzeko papera, laneko jantziak, furgonetetan jartzen diren testuak, papeleria (sobreak, txartelak, karpetak, bisita-txartelak, zigiluak...). Tabernen kasuan, askotan mantelak izaten dituzte euren izenarekin edo menu-kartak, eta horiek ere sartzen dira.
Establezimenduek baldintza hauek bete behar dituzte laguntza jaso ahal izateko: Eibarren kokatua egotea eta jarduera-baimena izatea, eta, kanpoko errotulu nagusien kasuan, baimena izatea errotulu hori kanpoan jartzeko. Eskaera elektronikoki egin behar da, Eibarko Udalaren webgunean, "dirulaguntzak" atalean (Informazio guztia HEMEN)
Errotulu nagusia euskaraz edo ele bitan jartzeagatik ematen den laguntza gastuaren %40 da, 300 euroko topearekin. Kanpoko eta barruko inskripzio finkoen kasuan ere %40 laguntzen da diruz, eta hor ere 300 euroko topea dago.
Irudi korpotariboko elementuak euskaraz edo ele bitan jartzeagatik, berriz, dirulaguntza %20koa da, gehienez 150 eurora arte.
Euskara sailetik Eibarko kaleetan edozein motako establezimendua duen jendea animatu nahi dute (tabernak, dendak, bulegoak, aholkularitzak, elkarteak, autonomoak, industria arlokoak...) eskaera egitera. "4.500 euro egoten dira partida horretan, eta, egia esan, ez da diru-poltsa osoa gastatzen. Urte hauetan 17 eskaera egon dira eta konturatzen gara jendearengana ez garela iristen, edo jendeak ez dakiela. Negozio berria irekitzeko baimen bila Pegorara gerturatzen direnean, informazioa jaso dezakete, edo bestela gurekin zuzenean harremanetan jarri".
Edonola ere, azpimarratu nahi dute dirulaguntza hori ez dela soilik negozio berrientzako. Izan ere, "askotan zure negozioa berritu egin behar duzu, edo errotuluak aldatu egin behar dira zaharkituta daudelako... Beraz, aprobetxatu aukera hori eta jarri euskara hutsean edo ele bitan", esan digute Euskara saileko arduradunek.