Eibarko Pentsionista Taldeak manifestazioa eta herri bazkaria antolatu ditu zapaturako, mobilizazioen 7. urteurrenean

Urtarrilaren 15ean zazpi urte beteko dira Euskal Herriko pentsionisten mugimendua pentsio duinen alde larogei bat herritako plazetan astelehenero elkarretaratzen hasi zela, eta gaur ere hala egin dute Eibarren, ehundik gora pentsionista Untzagan elkartu dituen kontzentrazioan.
2025/01/13 19:37
eta kitto!

Zazpigarren urteurrenaren harira, zapaturako (urtarrilak 18) hainbat ekimen prestatu dituzte: “Hasteko, eguerdiko 12:00etan, Eibarko Untzaga plazatik eskualde mailako manifestazioan abiatuko gara. Eta, manifestazioaren ondoren, nahi duenarentzat, Errebal Plazia eraikinean herri-bazkaria egingo dugu”. Bazkarirako tiketak Guridi tabernan eros daitezke, 15 eurotan, eta gaurko ekitaldian esan dutenez, joateko asmoa izanez gero txartela lehenbailehen erostea eskertuko lukete, bazkariaren antolaketa errazte aldera.

Eibarko Pentsionisten Taldetik eskualdeko herritar guztiak deitu dituzte zapatuko manifestaziora: “Eibarko Herriari eta, bereziki, pentsionisten kolektiboari, dei egiten diogu parte har dezala bai manifestazioan bai herri bazkarian”. Eta, horrekin batera, Gasteizen, Legebiltzarrean iazko irailean aurkeztu zuten Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadurak batzen hasi dira, bertan eztabaidatu eta bozkatu dezaten 10.000 sinadura aurkezteko eskatu diete eta. Ekimen horrek aurrera egitea benetan garrantzitsua dela nabarmendu dute beste behin, eta herritar guztiak animatu nahi dituzte beraien sinadurarekin babestu dezaten. Eibarren stelehenetik aurrera egongo da sinatzeko aukera, asteroko elkarretaratzean.