Eibarko Plan estrategikoa gazteleraz baino ez dela egingo salatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak
Orain hilabete hasi zuen Eibarko Udalak herriko plan estrategikoa berritzeko lana. Beste kultur eta gizarte eragile batzuekin batera, …eta kitto! Euskara Elkartea prozesuan parte hartzera gonbidatu zuen Udalak, baina, “gaztelera hutsean bidali zitzaigun gonbidapen gutuna. Lehenengo bilerara joan ginen, baina hala ere, horrelakoak ez errepikatzeko eskatzeko asmoarekin”, azaldu du Igone Lamarain …eta kitto! Euskara Elkarteko presidenteak. Lehenengo bilera horretan erabili ziren euskarri guztiak ere gazteleraz idatzitakoak ziren eta bileretan parte ez hartzea erabaki du …eta kitto!ko Batzar Nagusiak: “Udalarekin harremanetan jarri gara, gertautakoa azaltzeko asmoz; Eibarko Udalak ezin duelako horrelakorik egin, baina gaur arte ez dugu erantzunik jaso”. Elkartearen asmoa plan estrategikoaren diseinuan parte hartzea da; horretarako enpresak idatzizko ekarpenak egiteko aukera eskaini du, baina lehenengo Udalarekin berba egitea nahi dute. “Eibarko Udalak ezin du euskara albo batera laga plan estrategikoa egiteko orduan eta hori eskatzen du …eta kitto! Euskara Elkarteak”, azpimarratu dute.