Eibarko PSE-EEk salatu du alderdi abertzaleek euskarazko lanpostuen epaia betetzea blokeatu dutela

Sozialisten arabera, bi alderdi abertzaleek langileen eskubideen gainetik jarri dituzte interes politikoak; EH Bilduk eta EAJ-PNVk, berriz, epaia irmoa izan arte eta gaia sakonago aztertzeko denbora izatea defendatu zuten.
Eibarko PSE-EEk salatu du alderdi abertzaleek euskarazko lanpostuen epaia betetzea blokeatu dutela
Eibarko euskalgintzak ekainaren 19an "Euskara ez da oztopoa, eskubidea da!" lelopean eginiko mobilizazioa.
2026/07/02 13:22
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko PSE-EEk salatu du EAJ-PNVk eta EH Bilduk joan den ekainaren 29ko osoko bilkuran atzeratu egin zutela Eibarko Udaltzaingoko lehen agente izateko sei lanposturen hizkuntza-eskakizunak egokitzeko proposamena. Sozialisten esanetan, erabaki horrek hiru udal langileri arrazoia eman dien epaiaren betearazpena atzeratuko du.

Proposamena Jon Iraola alkateak (PSE-EE) eraman zuen osoko bilkurara, Donostiako Lehen Auzialdiko Administrazioarekiko Auzien Atalak ekainean emandako epaiari bide emateko. Epaileak baliogabetu egin zuen sei lanpostuetarako euskarako C1 maila eskatzea, eskakizuna plaza guztietan ez zegoela behar bezala justifikatuta iritzita. Epaiaren ondorioz, Udalak hautaketa-prozesua berriro egin behar du, lau lanpostutan C1 eta beste bitan B2 maila ezarrita, proportzionaltasun-irizpidea betez.

Osoko bilkuran, ordea, EH Bilduk eta EAJ-PNVk gaia mahai gainean uztea eskatu zuten. EH Bilduko bozeramaile Arantxa Matak azaldu zuen euren helburua zela "sententzia irmoa izatea" eta "egoera hau aztertzeko eta euskarari bere bidea eta merezi duen lekua emateko denbora gehiago izatea". Ondoren egindako bozketan, bi alderdiek atzeratzearen alde bozkatu zuten; PSE-EEk kontra egin zuen eta Elkarrekin Podemosek abstentzioa eman zuen.

Horren ostean zabaldutako prentsa oharrean, PSE-EEk adierazi du EAJ-PNVk eta EH Bilduk "justifikaziorik gabe" blokeatu dutela epaia betetzeko lehen urratsa. Sozialisten ustez, jarrera horrek "epai judizial baten betearazpena eta lanpostuak betetzeko prozesu berria justifikaziorik gabe atzeratzea" baino ez du bilatzen, eta, ondorioz, demandatzaile izan diren udal langileen eskubideak berreskuratzea ere luzatzen du.

PSE-EEk gaineratu du LPZaren aldaketak ez zuela bestelako helbururik, epaia betetzea baizik, eta Langile Sailaren nahiz Udal Idazkaritzaren txosten teknikoek babesten zutela. Era berean, ohartarazi du blokeo horrek segurtasun juridiko eza luzatzen diela demandatzaileei eta Udaltzaingoko antolaketan ere ondorioak dituela.

Euskalgintza epaiaren kontra

Epaia ezagutu ondoren, ekainaren 19an elkarretaratzea egin zuen Eibarko Euskalgintzak Untzaga plazan, "Euskara ez da oztopoa, eskubidea da!" lelopean. Deitzaileen arabera, Eibarko Udaltzaingoko sei lanpostu betetzeko deialdian C1 euskara-mailaren eskakizuna baliogabetzeak eragin zuzena du euskaldunen hizkuntza-eskubideetan, eta horren aurrean erantzun beharra dagoela nabarmendu zuten.