Eibarko salmonellosi agerraldiaren gakoak
Domeka arratsaldea zen, abuztuaren 9a. Gasteizko jaietan aurreko bi egunak eman ondoren, Malen gazte eibartarra herrira itzuli zen lagunekin. Taberna batera joan, tortilla-pintxoa eskatu eta lagunekin jarraitu zuen eguna. Kuadrillako bakarra izan zen tortilla jan zuena. «Jan ostean ez nuen ezer berezirik sentitu. Kontrara, oso ondo nengoen», gogoratu du.
Hurrengo eguna ere normaltasunez hasi zuen. Arratsaldean, Ixuara bidean, tripa «arraro» sentitzen hasi zen. Eibarrera bueltatu zirenean, bederatziak aldera, komunera joan zen lehenengoz. Handik gutxira, hotzikarak eta 38 graduko sukarra izan zituen. Hasieran, gastroenteritisa izango zela pentsatu zuen.
Hurrengo orduetan, ordea, egoerak okerrera egin zuen. Beherakoa gero eta sarriagoa zen, eta ordu erdiro ere joaten zen komunera. Martitzenean gurasoengana Oviedora autobusez joatekoa zen, baina hain gaizki zegoenez, bidaia bertan behera utzi behar izan zuen. Sukarra, beherakoa eta hotzikarak zituen, eta deshidratatzen ari zela sumatzen zuen. «Egoera okertzen ari zela ikustean, banekien ez nengoela ondo eta neukana ez zela gastroenteritisa», dio.
Mendaron hasi ziren kasuak lotzen
Egoerak okerrera egin ahala, Malen Eibarko Ospitaleko urgentzietara joan zen aitona-amonekin. Hasieran, gastroenteritisa izan zitekeela baloratu zuten eta etxera bidali zuten. Biharamunean, ordea, sukarra igo zitzaion, goraka hasi zen eta likidoak hartzeko ere zailtasunak zituen. botika batera joan zen lehenik, eta handik Mendaroko Ospitalera bideratu zuten.
Mendaron, zer jan zuen galdetu zioten. Osasun-langile batek Eibarko tabernaren batean tortilla-pintxorik jan ote zuen galdetu zion, eta herriko taberna batean igandean tortilla jan zuela erantzun zion. Handik gutxira, antzeko sintomak zituen beste emakume bati ere galdera bera egin zioten. Orduan hasi ziren bi kasuak lotuta egon zitezkeela susmatzen. «Hogei minutu inguru igaro ondoren, langile batek elikagai-intoxikazioa genuela esan zigun», gogoratu du.
Martitzenean bertan atera zioten gorozki-lagina. Hasierako txostenean elikagai-intoxikazioa eta gastroenteritis akutua ageri ziren, eta tortilla-pintxoaren aipamena ere jasota zegoen. Egun batzuk geroago jakin zuen salmonellosi-agerraldiaren kasuetako bat izan zela. «Badakizu salmonellosia existitzen dela, baina ez duzu uste horrelakorik gertatu ahal zaizunik», dio.
29 kasu, 21 baieztatuta
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abuztuaren 25ean jakinarazi zuenez, 29 salmonellosi kasu identifikatu zituzten Eibarren. Horietatik 21 proba mikrobiologikoen bidez baieztatu zituzten, eta zortzi probable gisa sailkatu. Eraginpeko 29 lagunetatik 25ek osasun-arreta behar izan zuten, eta bederatzi ospitaleratu zituzten. Denak alta emanda zeuden abuztuaren 25erako.
Gipuzkoako Zaintza Epidemiologikoko Unitateak abuztuaren 11n jaso zuen agerraldiaren berri, Osakidetzak salmonellosi-agerraldi baten susmoa jakinarazi ondoren. Ikerketa orduan abiatu zuten, agerraldiaren irismena zehazteko, inplikatutako elikagaiak identifikatzeko eta beharrezko neurriak hartzeko.
Horrelako agerraldiak ikertzeko, hiru arlo hartzen dira kontuan: epidemiologia, elikagaien segurtasuna eta mikrobiologia. Batetik, kaltetuei elkarrizketak egiten zaizkie eta kasu berriak bilatzen dira; bestetik, establezimendua eta elikagaien hornidura-katea ikuskatzen dira; eta, azkenik, lagin klinikoak, elikagaiak, lehengaiak eta manipulatzaileen laginak aztertzen dira. Eibarko agerraldian ere bide horiek guztiak jarraitu zituzten.
Eraginpeko pertsonen laginetan Salmonella Enteritidis bakterioa hauteman zuten.
Tortilla izan zen agerraldiaren erdigunea, baina ikerketak elikagaien manipulazioan eta kontserbazioan hainbat gabezia aurkitu zituen
Tortilla, agerraldiaren erdigunean
Ikerketaren arabera, abuztuaren 9an kontsumitutako tortillak dira agerraldiarekin lotura izateko probabilitate handiena dutenak. Osasun Sailak, hala ere, ez du zehaztu arrautza jakin bat kutsatuta zegoenik, ezta kutsaduraren iturri bakarra identifikatu ere.
Agerraldian eragina izan zezaketen hainbat faktore identifikatu zituzten. Besteak beste, tortillen tratamendu termikoa behar bezalakoa ez izatea, prestatu ondoren hozkailuan ez gordetzea eta elborazioan kutsadura gurutzatua gertatu izana aipatu zituen Osasun Sailak.
Establezimenduan egindako ikuskapenek ere hainbat gabezia agerian utzi zituzten: arrautzen trazabilitatean, tresnen garbiketan eta desinfekzioan, tortillen kontserbazioan eta kutsadura gurutzatua saihesteko neurrietan.
Beraz, ikerketak ez zuen hutsune bakar bat identifikatu, elikagaiaren manipulazioan eta kontserbazioan hainbat gabezia baizik. Arrautzen trazabilitatea kontrolatzea, tresnak behar bezala garbitu eta desinfektatzea, tortilla behar bezala kozinatzea eta kontsumitu arte tenperatura egokian gordetzea funtsezkoak dira elikagaien segurtasuna bermatzeko.
Salmonella, arrautzatik harago
Salmonellosia Salmonella bakterioek eragindako infekzioa da, eta elikagai kutsatuak kontsumitzea da kutsatzeko bide nagusietako bat. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, arrautzak, haragia, hegaztiak eta esnea dira bakterio horren iturri garrantzitsuenetako batzuk. Pertsonen artean ere transmititu daiteke, kutsatutako pertsona baten esku edo gainazalen bidez, esaterako.
Horregatik, salmonellosia ez dago arrautzari lotuta soilik. Arrautza kutsatu batek infekzioa eragin dezake, baina elikagaiak gaizki manipulatzeak ere kutsadura gurutzatua ekar dezake. Adibidez, elikagai gordin batekin erabilitako tresna edo gainazala behar bezala garbitu gabe beste elikagai batekin erabiltzen bada, bakterioa elikagai batetik bestera pasa daiteke.
Kutsadura saihesteko, OMEk bost oinarri nagusi nabarmentzen ditu: garbi edukitzea; elikagai gordinak eta prestatuak bereiztea; behar bezala kozinatzea; elikagaiak tenperatura seguruan mantentzea; eta lehengai eta ur seguruak erabiltzea.
Heriotza bat, oraindik argitu gabe
Agerraldiaren inguruko informazioa zabaldu zenean, beste gertakari baten berri ere eman zen: abuztuaren 11n gizon bat hil zen Eibarren, bere etxean. El Correo-k argitaratu zuenez, gizonak beherakoa, sabeleko mina eta sukarra zituen, eta hainbatetan deitu zuen larrialdi-zerbitzuetara.
Heriotza, ordea, ez dago ofizialki Eibarko salmonellosi-agerraldiarekin lotuta. Osasun Sailak ez du bien arteko harremanik baieztatu, eta abuztuaren 25ean argitaratutako informazioan 29 kasuak aipatu zituen, bederatzi ospitaleratzeak barne.
Beraz, gaur-gaurkoz, Eibarren 29 salmonellosi kasuko agerraldia baieztatuta dago, baina ez dago baieztatuta gizonaren heriotza agerraldi horrekin lotuta dagoenik.
Elikagaien segurtasuna, kate osoaren ardura
Eibarko agerraldiak erakutsi du elikagai bat segurua izan dadin ez dela nahikoa azken urratsa zaintzea. Arrautza behar bezala gordetzetik hasi, elikagaiak modu egokian manipulatzen eta kozinatzen jarraitu, eta kontsumitu arte tenperatura egokian mantendu: prozesuko urrats bakoitzak eragina du. Horietako batean huts egiteak kutsadura eragin dezake, eta horrek, azken batean, osasunean eragin.