Eibarko Udal Artxiboak 1762ko eskuizkribu historiko bat zaharberritu du
Eibarko Udal Artxiboak 1762ko eskuizkribu bat zaharberritu du, Eibarko historiarako balio handiko dokumentua. 1.300 orrialde ditu, eta Martín López de Isasi eta Domenja de Orbea —Markeskua jauregiaren eraikitzaileak— Santa Cruz-Pie de Concha markesen familiarekin lotzen dituen ahaidetasunari buruzko auziak jasotzen ditu.
Dokumentua kontserbazio-egoera txarrean zegoen, hezetasunak, manipulazio desegokiak eta babes faltak eragindako kalteengatik. Besteak beste, orrietan deformazioak, zimurrak, hausturak, urradurak eta zikinkeria pilatuta zituen; bizkarra ere kaltetuta zegoen.
Eskuizkribua berreskuratzeko, hainbat lan egin dituzte: aurretiazko analisiak, garbiketa lehorra eta hezea, hezetasun-marken murrizketa eta ahuldutako guneen konponketa. Horretarako, paper japoniarreko errefortzuak eta itsasgarri espezifikoak erabili dituzte. Gainera, dokumentua epe luzera babesteko, pH neutroko kartoizko kontserbazio-kaxa bat prestatu dute.
Eibarko historiaren lekukotasuna
Martín López de Isasi (1525-1597) XVI. mendeko euskal gizarteko eta ekonomiako pertsonaia nabarmena izan zen. Gipuzkoako familia ospetsu bateko kidea, merkatari gisa jardun zuen, Sevillaraino iristen ziren negozioekin. Felipe II.aren gorteko kide ere izan zen, eta 1593 inguruan Markeskua jauregia eraiki zuen Eibarren. Bertan bizi izan zen Domenja de Orbea emaztearekin batera.
Udal Artxiboak hiru hamarkada baino gehiago daramatza funts historikoak kontserbatzeko zaharberritze- eta digitalizazio-lanak egiten, dokumentuak babesteko eta herritarren eskura jartzeko.
Zaharberritze-lanek 5.009,30 euroko kostua izan dute. Kopuru horretatik, 3.005,58 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak finantzatu ditu.
