Eibarko Udal Musika Eskolak ikasturte berrirako eskaintza aurkeztu du
Ikasturte honetarako 400 ikaslek eman dute izena, “iaz baino 40 gehiagok”. Iraide Ansorena Musika Eskolako zuzendariak esan duenez, “kurtso honetan ikasle gehiago ditugu, eskola hazten doa bai ikasle kopuruan, zein ikasgai eta proiektuetan. Lau urtetik hasita, 70-80 urtera bitarteko ikasleak ditugu. Izan ere, musika ez da gazteenentzat bakarrik. Musikak onurak ekartzen ditu bizitza osoan zehar, memoria, pentsamendua, gogo-aldartea eta emozioak estimulatuz. Pertsonak konektatzen dituen hizkuntza unibertsala da, adina edozein dela ere”.
Aurtengo berritasun nagusien artean, Nerea Ariznabarreta irakasleak emango duen “Musika-tailerra +65” izenekoa dago. Honetan parte hartzeko matrikulazioa zabalik dago, irailaren 20ra arte, eta oraindik plaza libre batzuk geratzen dira. Bi talde egongo dira, eta klaseak astean behin izango dira, urritik aurrera: astearteetan, 19:00etatik 20:00etara; eta ostegunetan, 15:30etik 16:30era.
Nerea Ariznabarreta irakaslea klase berri hauekin hasteko gogotsu dago: “Musikak ekartzen dizkigun onurak, bai kognitiboki bai fisikoki, aprobetxatzeko erabiliko dugu musika. Azken ikerketetan ikusi dutenez, gorputzaren mugimenduak memoria eta burmuinaren beste gaitasun batzuk mantentzea ahalbidetzen du”.
Gaita edo dultzaina jotzen ikasteko aukera
Horrekin batera, bada beste berritasunik, ikasturte honetan Nafarroako gaita edo dultzaina jotzen ikasteko aukera eskaintzen hasiko dira eta. Eta, zuzendariak gaineratu duenez, erronka garrantzitsuari heldu beharko diote kurtso honetan: “30 urte eta gero, publikatu berri den Euskal Herriko musika-eskolen dekretu berria ezarri eta horrekin lanean hasi beharko dugu eta”.