Eibarko Udalak 214 txosten tramitatu ditu ezohiko erregularizazio-prozesuaren lehen egunetan

Eskari handiak Gizartekintza Saila indartzera behartu duela eta 24 herrialdetako herritarrak artatu dituztela jakinarazi du Udalak.
Eibarko Udalak 214 txosten tramitatu ditu ezohiko erregularizazio-prozesuaren lehen egunetan
2026/04/24 13:55
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak atzerritarren ezohiko erregularizazio-prozesuaren lehen balantzea egin du, eta hasierako egunetan izandako eskari handia nabarmendu du. Astelehenetik asteazkenera bitartean, guztira 214 zaurgarritasun-txosten tramitatu dira goizeko ordutegian.

Txosten hori ezinbesteko urratsa da erregularizazio-prozesuan aurrera egin ahal izateko, eta horrek herritar ugari erakarri ditu udal zerbitzuetara. Bereziki jendetsua izan zen dispositiboa martxan jarri zen lehen eguna: 270 pertsona artatu zituzten, eta horietatik erdiak inguru izapide horrekin lotuta zeuden.

Eskari handiak direla eta, Gizartekintza Sailak bere talde teknikoa indartu behar izan du. Udalaren arabera, zerbitzura jo duten pertsonak 24 herrialdetakoak izan dira.

Zerbitzuak hitzordurik gabe funtzionatzen jarraituko du ekainaren 30era arte, 09:00etatik 14:00etara, erabiltzaileak iritsi ahala artatuz.

Bestalde, Udalak azpimarratu du Pegora bulegoaren eta Gizartekintza Sailaren arteko koordinazioa giltzarri izaten ari dela prozesua arintzeko eta arreta egokia bermatzeko. 

Era berean, jakinarazi du dispositiboa datozen asteetan ere eskarira egokitzen jarraituko duela, arreta ordenatua, gizatiarra eta eraginkorra eskaintzeko helburuarekin.