Eibarko Udalak 500 eurorainoko laguntzak emango ditu lanbide-prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzeko
Eibarko Udalak beste urte batez jarri du martxan enplegagarritasuna hobetzeko formazio-jardueretarako dirulaguntza-programa, eta 10.000 euroko partida bideratu du ekimen honetara. Laguntza hauen bidez, langabezian dauden edo lan hobe baten bila dabiltzan eibartarrek 500 euro arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute, lanbide-prestakuntza edo gaitasun profesionalak hobetzeko ikastaroak ordaintzeko.
Dirulaguntzak Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi-graduetarako, atzerriko hizkuntza-ikastaro ofizialetarako eta gidabaimena ateratzeko ikastaroetarako (A motakoak izan ezik) izango dira. Gainera, laguntzak formazioaren kostua, beharrezko materialak eta garraio-gastuak (Eibarren bertan egiten direnak salbu) estali ahal izango ditu. Pertsona bakoitzak formazio-jarduera bakar baten gainean jaso ahal izango du laguntza.
Baldintzak eta epeak
2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Eibarren erroldatuta dauden eta 2025eko urtarrilaren 1ean 23 urte edo gehiago dituzten pertsonek jaso ahal izango dituzte laguntzak. Eskabidea egiteko unean langabezian egon behar dute edo lan hobe baten bila aritu, hau da, urtebete baino gutxiagoko kontratua, lanaldi partziala edo 1.200 eurotik beherako soldata garbia izan behar dute.
Dirulaguntza jasotzeko, eskatzaileek formazio-jarduera guztiz gainditu beharko dute: ikastaro osoa eta haren ikasgai guztiak. Hizkuntza-ikastaroetan, titulazio ofiziala eskuratu beharko da; gidabaimenaren kasuan, baimena lortzea izango da baldintza.
Laguntza hauek 2024ko irailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean egindako prestakuntza-jardueretarako izango dira. Ezingo dira diruz lagundu aurreko urteko deialdian jasotako jarduera berdinak, salbu eta ikastaro desberdinak edo goragoko mailakoak badira.
Eskabideak urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira Pegorako bulegoetan, www.eibar.eus webgunearen bidez (elektronikoki) edo Administrazio Publikoen erregistroetan.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira NANaren kopia, banku-kontuaren egiaztagiria, matrikula-orria eta lan- edo langabezia-egoeraren frogagiriak.