Eibarko Udalak 6.000 euro bideratuko ditu Venezuelako lurrikarak kaltetutako lagunentzat
Eibarko Udalak iragarri du Venezuelako lurrikarak kaltetutako pertsonei laguntzeko 6.000 euro emango dituela. Alkatetzak proposatutako ekimena da, eta herrialdeak izan duen hondamendi natural handienetako batek kaltetutako biztanleei elkartasuna adierazteko helburua du.
Udalak azaldu duenez, “lurrikarak krisi humanitario larria eragin dute: milaka pertsona hil eta zauritu dira, eta kalte handiak izan dira etxebizitzetan, osasun-zentroetan, azpiegituretan eta funtsezko zerbitzuetan. Etengabe dihardute larrialdietako lanak egiten, eta familia ugarik oraindik oinarrizko baliabiderik gabe jarraitzen dute”.
Ekarpenaren bitartez, udalak elkartasuna adierazi nahi dio Venezuelako herriari eta hondamendi honen ondorioak “arintzen” lagundu nahi diola adierazi du, “kaltetutako herritarren premiazko beharrei erantzunez”.
Era berean, Udalak jakinarazi du aurrekontuetan diru kopuru bat aurreikusten duela naturako hondamendietarako, “larrialdi humanitarioko egoerei azkar erantzun ahal izateko”, eta horren kargura egingo da dohaintza. Gainera, gogorarazi du aurreko urteetan ere ezohiko dirulaguntzak bideratu izan dituela hondamendi naturalek eta krisi humanitarioek eragindako ondorioei aurre egiteko.