Eibarko Udalak 'Eibarren Gaur' bideopodcastaren lehen atala argitaratu du

Udalaren arabera, herritarrei udalaren egunerokotasunaren berri eta udalaren gardentasuna indartzeko helburua du ikus-entzunezkoak.
Eibarko Udalak 'Eibarren Gaur' bideopodcastaren lehen atala argitaratu du
2026/06/04 13:29
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udaleko langileen eta arduradunen lana gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du sare sozialetako bideopodcast berriak. Hain zuzen ere, Udalak 'Eibarren Gaur' bideopodcast instituzionala estreinatu du gaur, ekainak 4.

Udalaren esanetan, ekimenaren helburua da “herritarrei udalaren egunerokotasunaren berri ematea eta gardentasuna indartzea”, eta komunikazio publikoan “modu hurbilago, eskuragarriago eta gaur egungo kontsumo ohituretara egokituak” erabiltzea.

Ez da Udalak formatu honetan martxan jartzen duen lehen ekimena: urtarrilean 'K Bitamina' bideopodcasta jarri zuen martxan, tokiko merkataritzari eta ekintzailetzari ahotsa emateko.

Eibarko alkate Jon Iraolak azaldu duenez, 'Eibarren Gaur' ekimenaren bidez udala herritarrengana gehiago hurbildu nahi du: “Argi azaldu nahi dugu zer egiten dugun, nola egiten dugun eta zergatik egiten dugun, eta erakutsi udalaren erabakiek nola eragiten duten eibartarren egunerokotasunean”. Halaber, esperientziak partekatzeko eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko gunea sortu nahi dela adierazi du.

Saioa 2025-2028 Komunikazio eta Gardentasun Planaren barruan kokatzen da, eta udalaren proiektu, zerbitzu eta jarduera nagusiak modu erraz eta ulergarrian ezagutaraztea du xede, baita elkarte, kolektibo eta herritarren ekarpenak jasotzea ere.

Ekainetik aurrera, hilean bizpahiru atal argitaratuko dira Eibarko Udalaren YouTube kanalean. Ataletan udal arduradunek, teknikariek, elkarte-sareko ordezkariek eta herritarrek hartuko dute parte, eta edukia sare sozialetarako bideo-pilulen bidez ere zabalduko da.

Bideopodcastak herritarren intereseko gai ugari jorratuko ditu, hala nola jaiak, kultura eta kirola, turismoa, enplegua, etxebizitza, hirigintza, berdintasuna, euskara edo udal-aurrekontuak, besteak beste.

Eduki horiek udal teknikariek, arlo desberdinetako arduradunek eta proiektuekin lotutako profesionalek azalduko dituzte, toki-administrazioaren funtzionamenduari buruzko informazio zehatza eta ulergarria eskaintzeko. Era berean, elkarteek, kolektiboek eta herritarrek ere parte hartuko dute, ikuspegi desberdinak txertatzeko helburuarekin.

Lehen atala dagoeneko ikusgai dago. Bertan, udal korporazioko ordezkariek hartu dute parte: Vanessa Hortas (PSE-EE), Alberto de la Hoz (EAJ-PNV), Arantza Mata (EH Bildu) eta Isabel Fernández (Elkarrekin Podemos Eibar).

Udalaren arabera, 'Eibarren Gaur' ekimenak komunikazio publikoaren modernizazioa eta gardentasun instituzionala indartzea du helburu, eta herritarren parte-hartzea sustatzeko eta udalaren jarduna hobeto azaltzeko tresna izango da.