Eibarko Udalak 'Etxean Gazte' proiektua abiarazi du gazteen etxebizitza-aukerak hobetzeko
Eibarko Udalak jakinarazi du ‘Etxean Gazte’ izeneko proiektua jarri duela martxan, gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei “irtenbide berritzaileak” bilatzeko eta talentu gaztea herrian bertan atxikitzeko. Udalaren arabera, ekimenaren helburua “gazteen lehiakortasuna indartzea eta haientzat etxebizitza eskuratzeko bide berriak aztertzea” da.
Udalak azaldu duenez, proiektua Gipuzkoa Taldean 2026 deialdiaren barruan kokatzen da, gazteentzako aukeren erronkaren baitan, eta 2026ko ekainetik 2027ko maiatzera bitartean garatuko da. Guztira 26.040 euroko aurrekontua izango du: Gipuzkoako Foru Aldundiak 19.740 euro jarriko ditu dirulaguntza gisa, eta gainerakoa parte hartzen duten erakundeen artean banatuko da. Udalak berak hartuko du lidergoa eta kostuaren %55a (14.440 euro inguru); Debegesak eta Armeria Eskolak, berriz, 5.800 euro inguruko ekarpena egingo dute, batez ere laguntza teknikoaren eta lan espezializatuaren bidez.
Udalaren arabera, proiektuak bi lan-ildo nagusi izango ditu: alde batetik, kanpoko adituen azterketa teknikoa kontratatuko da; bestetik, tokiko erakundeetako teknikariek zuzenean parte hartuko dute. Horrela, ezagutza espezializatua eta herriaren errealitatearen ezagutza uztartu nahi dira.
Bestalde, aurrekontua bi urtetan banatuko da: gastuaren %40 2026an egingo da, eta gainerako %60a 2027an, proiektua pausoz pauso garatzeko.
Eibarko Udalak ohartarazi du abiapuntuko egoera kezkagarria dela: gaur egun herrian lan egiten duten hamar pertsonatik sei herritik kanpo bizi dira, batez ere etxebizitza eskuratzeko zailtasunengatik. Horrez gain, biztanleriaren %25ak 65 urte baino gehiago ditu, langabezia-tasa %11,7koa da —Gipuzkoako batezbestekoa baino handiagoa—, eta datozen hamarkadetan 3.500 pertsona aktibo baino gehiago galtzea aurreikusten da.
Testuinguru horretan, Jon Iraola alkateak adierazi du etxebizitza “elementu estrategikoa” bihurtu dela Eibarko garapenerako, talentu gaztea erakartzeko eta atxikitzeko gaitasuna baldintzatzen duelako. Haren hitzetan, “ez da gehiago eraikitzea soilik, beste leku batzuetan funtzionatzen duten ereduak ulertu eta gure errealitatera egokitzea baizik”.
Bestalde, Vanesa Hortas zinegotziak azaldu duenez, proiektuak oinarri sendoak izango ditu, Europako esperientzien analisia, tokiko etxebizitza-parkearen azterketa eta gazteen entzute aktiboa uztartuko dituelako. Haren arabera, etxebizitza jada “lehiakortasun-faktore” bihurtu da enpresentzat, bereziki “langile gazteak behar dituzten industria-sektoreetan”.
Udalak zehaztu duenez, urtebeteko epean ‘Etxean Gazte’ proiektuak tamaina ertaineko Europako hirietan arrakasta izan duten formulak aztertuko ditu, hala nola alokairu merke komunitarioak, gazteentzako ostatu modularrak edo espekulazioa saihesten duten kooperatiba-ereduak. Era berean, Eibarko etxebizitza hutsen edo gutxi erabilitakoen egoera aztertuko da —asko 1950 eta 1975 artean eraiki zirenak—, eta tokiko gazteen beharrak zuzenean jasoko dira, “haien benetako beharrak ezagutzeko eta bizitegi-formula berrietara iristeko duten prestutasuna ezagutzeko”.
Azkenik, Eibarko Udalak azaldu du helburua ez dela neurri zehatz bat berehala ezartzea, baizik eta herriarentzat “bideragarriak izan daitezkeen bi edo hiru aukera identifikatzea”, ikuspegi ekonomiko eta sozialetik bideragarriak izango diren proposamen errealistak egiteko. Proiektua 2027ko maiatzean amaituko da, emaitzen aurkezpenarekin, eta emaitza horiek etorkizuneko udal politikak gidatzeko oinarriak ezarriko dituztela adierazi du Udalak, gazteentzako etxebizitzaren arloan.