Eibarko Udalak gogor kritikatu du haurreskolako plazak murrizteko Jaurlaritzaren erabakia

Urtebeteko lankidetzaren ostean, 40 plazako proposamena erdira jaitsi du Hezkuntza Sailak; Udalak 42 plazako plan berria aurkeztu du familien eskaerari erantzuteko.
Eibarko Udalak gogor kritikatu du haurreskolako plazak murrizteko Jaurlaritzaren erabakia
2026/03/18 11:03
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak harridura eta haserrea adierazi ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak haurreskolako plaza kopurua mugatzeko hartutako erabakiaren aurrean. Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, Udalak urtebete baino gehiago darama proiektua lantzen Haurreskolak Partzuergoarekin elkarlanean, eta hasierako proposamenean 40 plaza aurreikusten ziren; Jaurlaritzak, ordea, erdia baizik ez du baimendu.

Udal gobernuak azaldu duenez, hasierako erabakia are murritzagoa izan zen, hamar plaza bakarrik baimentzen baitzituen. Otsailaren 10ean eta 11n jasotako ebazpenak, azkenik, aurreikusitako 40 plazen ordez 20ra mugatu zuen eskaintza, bi lokaletan banatuta: Blas Etxebarria kalean eta Jazinto Olaben.

Eibarko Udalak duela urtebete atzeman zuen 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako plazen eskaria handitzen ari zela, eta egoera horri aurrea hartzeko erabakia hartu zuen bi udal lokal egokitu eta haurreskola zerbitzua handitzeko. Lan horiek otsailaren 2an amaitu ziren, eta ondoren espazioak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ziren, beharrezko izapide guztiak beteta eta proiektuak aldez aurretik administrazio autonomikoak berak onartuta.

Jon Iraola alkateak nabarmendu du prozesu osoan zehar koordinazio estua egon dela Haurreskolak Partzuergoarekin, eta hartutako erabakiak ez direla inprobisazioaren ondorio izan, baizik eta azterketa tekniko eta elkarrizketa etengabearen emaitza. Hori dela eta, aurkeztutako proposamena baztertu eta plaza kopurua hainbeste murriztu izana “ezustekoa handia” izan dela aitortu du.

Egoera horren aurrean, udaleko zerbitzu teknikoek, Partzuergoarekin elkarlanean, proposamen berria landu dute. Plan horren arabera, Blas Etxebarriako lokalean 0 eta 1 urte bitartekoentzako bi gela jarriko lirateke, 16 plazarekin; Jazinto Olaben, berriz, 1 eta 2 urte bitartekoentzako beste bi gela, 26 plazarekin. Beraz, proposamena aurrera badoa, guztira 42 plaza eskainiko lirateke.

Proposamen berria martxoaren 13an aurkeztu zuen Udalak, eta berehala onartzea espero du, herriko familien benetako eskariari erantzuteko. Bien bitartean, Udalak jainarazi du udal ordezkariek bilerak egin dituztela familiekin, egoera azaldu eta egindako gestioen berri emateko.

Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko zinegotziak nabarmendu du haurreskola zerbitzua “lehentasun absolutua” dela Udalarentzat, kontziliaziorako eta haurren garapenerako funtsezko tresna delako. Halaber, gogorarazi du bi administrazioek aurreikusita zutela gela berrien irekiera, Udalak espazioak egokitu baititu eta Jaurlaritzak altzariak erosi.

Bestalde, Iraolak iragarri du Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosari biltzea eskatuko diola, azken adierazpenak argitzeko. Alkateak nabarmendu du beharrezkoa dela errespetu instituzionala eta Eibarko familien interesen defentsa uztartzea.

Eibarko Udalak adierazi du haurreskola plazen eskaera aztertzu eta alternatibak bilatzeko lanean jarraituko duela, herrian zerbitzu nahikoa eta kalitatezkoa bermatzeko, familia bakar bat ere plazarik gabe gera ez dadin.