Udalak lau ikastetxetan egin ditu hobetze-lanak 2023an, batez ere hezetasunak eragindako kalteak konpontzen
Diru-kopuruaren zati handi bat erabili da San Andres eta Amañako ikastetxeetan hezetasunak ezabatzeko. Gainera, San Andres Ikastetxeko bigarren solairuan geletan obrak egin dira, ikastetxeko gelen arteko irisgarritasuna eta komunikazioa hobetze aldera.
Bestalde, ikastetxeetako jolastokiak berritu eta hobetu egin dira, "inklusiboagoak bihurtu eta birnaturalizatzeko xedez", adierazi dute Udaletik. Ekimen hau Eibarko Klimarako eta Energia Jasangarrirako (2022-2030) Ekintza Planaren barruan kokatu behar da. Plan horretan ezartzen dira zein diren berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta udalerria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko jarraitu beharreko jarduera-ildoak. Hala, Urkizuko Ikastetxean patioko gune bat berregokitu egin da, eta horri esker hainbat espazio sortu dira: gune batean mahaiak, eserlekuak eta harmaila batzuk jarri dira jarduera lasaiagoetarako; beste gune batean frontoi txiki bat eta natur jolasak eta hiru gune landareekin. Amañako Ikastetxean osatu egin da iaz helburu bererako egin zen obra.
Udan egindako obrei Gabonetako oporretan egin diren beste bi lan gehitu behar zaizkie: metalezko zutabe bat jartzea Urkizuko Ikastetxean hegala indartzeko eta Argatxa Eskolara sartzeko ate berri bat jartzea Argatxako lorategien goiko pasillotik, eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko.