Eibarko Udalaren marka-irudi berria eta itxuraberritu duten webgunea aurkeztu dituzte
Jon Iraola alkatearekin eta Ana Telleria Gobernu Irekiaren zinegotzi ordezkariarekin batera, Identitate Bisual Korporatiboaren proiektu berria gauzatzeaz arduratu den AZK komunikazio eta publizitate agentziako Miren Barrenetxeak, eta Udalaren webgunea birdiseinatu duen CodeSyntax enpresako Lur Ibargutxik hartu dute parte aurkezpen ekitaldian. Azaldu dutenez, irudi berrirako aukeratu duten proposamenak Eibarko armarri ofiziala hartzen du oinarri eta ardatz, eta armarriaren silueta erabiliz eta erdian San Andresen gurutzea jarriz, bi elementuen arteko uztarketa egiten da. Era berean, tipografia berriztu da, eta kolore korporatiboak eguneratu dira. Marka instituzional berria sortzearekin batera, azken hilabeteetan www.eibar.eus Udalaren web-orria birdiseinatu eta konfiguratzeko lanak ere egin dira, “edukien irisgarritasuna eta argitasuna errazteko eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko”.