Mikel Oyarzabal Seme Kutun izendatzeko ekitaldia egingo dute abenduaren 3an

Ekitaldia 18:30ean izango da, Eibarko udaletxeko Areto Nagusian. Herritar guztiak gonbidatu ditu Udalak omenaldian parte hartzera.
Mikel Oyarzabal Seme Kutun izendatzeko ekitaldia egingo dute abenduaren 3an
Irudia: Mikel Oyarzabal (X: @mikel10oyar)
2026/11/25 12:32
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Mikel Oyarzabal futbolaria Eibarko Seme Kutun izendatzeko ekitaldia egingo dute abenduaren 3an, eguenean, udaletxeko Areto Nagusian. 18:30ean hasiko da ekitaldia, eta herritar guztiak gonbidatu ditu Udalak Realeko kapitainari egingo dioten omenaldian parte hartzera.

Udal gobernu taldeak uztailaren 21ean proposatu zuen izendapenerako espedientea abiatzea, futbolariak Ohore eta Goraipamenen Udal Araudian jasotako baldintzak betetzen dituela iritzita. Haren kirol ibilbidea eta Eibar ordezkatzeko duen modua hartu dituzte kontuan aitortza emateko. Bereziki, Espainiako selekzioarekin lortutako kirol arrakastak eta taldean izandako ekarpena nabarmendu ditu Udalak.

Jon Iraola alkatearen esanetan, Oyarzabalen kirol lorpenak ez ezik, haren ezaugarri pertsonalak ere hartu dituzte kontuan. “Haren ibilbideak, konpromisoak eta kirola ulertzeko moduak gure herria erabat identifikatzen duten balioak irudikatzen dituzte”, adierazi du. Izendapenaren bidez, herritarren aitortza eta maitasuna helarazi nahi dizkiotela gaineratu du, eta eibartarrak abenduaren 3ko ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu.