“Eibarko Untzaga plazaren bilakabidea” liburua aurkeztuko du gaur Ego Ibarra Batzordeak
Lanak XX. mende osoa eta XXI. mendearen hasiera hartzen du bere baitan, marrazki batzuetan konprimituta. Egilearen hitzetan: "Ikusten ez dugun zer hori sentitzen laguntzen du: zapaltzen dugun zoru azpian ezkutuan dauden ur-ibilgu betikoak, batzuk oraindik ondo ikertu eta arakatu gabekoak". Gutxitan ikusi diren eraikinak azaltzen dira lan honetan, esate baterako, XIX mende amaieran eraikitako Salón Teatroa edo Rufino Osororen etxea, 1904an eraikia eta 1957an eraitsia, Obisponekua eta Solaun etxe izenez ere ezagutzen zena.
Eta, nola ez, eraikin ezagun askoak ere bai, gaur egun Beasainen dagoen Musika Kioskoa bezala, 1902n egindakoa, Udal Bandak bertan jo zezan. Udalak egin zuen enkargua eta Arrasatekoaren berdin-berdina egiteko eskatu. Gutxienez 1917az geroztik, lorategi txiki bat izan zuen inguruan. 1935aren inguruan desmuntatu eta Beasainera eraman zuten, Loinazko San Martin plazara. 1935eko maiatzaren 22an, Udalbatzak erabaki zuen Construcciones Azpeitia enpresari saltzea 1.000 pezetagatik. La Voz de Guipuzcoa egunkariak lekualdaketaren berri eman zuen 1935eko ekainaren 14an. Eraikitzaileak zati metaliko guztiak aprobetxatu zituen Beasaingo kioskoa egiteko.
Liburuan marrazkiak koloreztatuta azalduko dira eta, horrez gain, Udal Artxiboko argazkiak eta planoak, baita beste leku batzuetatik jiratutako argazkiak ere, marrazkien lagungarri eta deskripzioaren isla gisa.
Argazkiko irudian, trenbide ondoan zegoen Rufino Osororen etxea, 1904an eraikia.