"Eibarren 365 egun Euskaraz" goiburupean ospatuko dugu domekan Euskararen Nazioarteko Eguna
Aurtengo Euskararen Eguna, abenduak 3, domeka da eta eguerdi parteak hartuko du eguneko ekintza nagusia. “Goiburua ardatz hartuta, panel handi batzuk egin ditugu, zazpi guztira. Horietako bakoitzean goiburuaren zenbaki eta letra bat azaltzen da, zuriz, eta herritarrek egin behar duguna da hizki horiek kolorez bete, gometsak erabilita”. Pare bat orduko ekintza aurreikusten dute antolatzaileek, “eguraldi ona eginez gero, Untzagako harmailetan jarriko ditugu panelak, 12:00etatik 14:00etara, eta bertan egongo diren arduradunek banatuko dituzte pegatinak. Euria egingo balu, beste aldean egongo den karpan egingo dugu, 12:30etik 14:00etara”. Musika Eskolako soinujoleek girotuko dute ekintza.
Goiburua Txaltxa Zelain ikusgai
Behin panel guztiak osatuta, eguerdiko 14:00etan jaso eta Txaltxa Zelaira eramango dira: “Euskaltzaleok elkarrekin egindako lana, zentzu guztietan hain esanguratsua dena, ikusgai egotea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta astebetez-edo bertan egongo da”. Eibarko euskalgintzaren mahaia osatzen duten taldeak asteak daramatzate domekako eguna prestatzen eta argi zuten “zeozer parte-hartzailea antolatu nahi genuela, badakigulako, esperientziatik ikasita, Eibarko euskaltzaleok oso ondo erantzuten dutela horrelakoetan”. Aurten ere gauza bera gertatuko delakoan daude eta “dei egiten diegu Eibarko euskaltzale guztioi, etor daitezela domekan Untzagara, denon artean osatu dezagun goiburua, ozen aldarrikatzeko Eibarren euskaraz bizi nahi dugula, baina ez domekan bakarrik, urte osoan baizik, 365 egunetan”.
Euskararen hamabostaldia
Euskararen Eguna domekan ospatu arren, aurreko egun eta asteetan ere ospatu da moduren batean. Izan ere, Euskararen Eguna egun bakarrera mugatu beharrean, hamabost egunetara luzatu da: “Helburua ez da izan ekintza gehiago antolatzea, jada data horietan antolatuta zeuden ekintzetan euskarari presentzia ematea baizik, horrela eragile ezberdinek euskararen erabilera era kontziente batean egin zezaten”, dio Ane Albisu Akebaiko arduradunak. Bestetik, antolatu diren ekintza berrien artean dago Gaitu Maratoia, hurrengo orrian azalduta duzuena.