“Eibarren dena dugu alde asmoak errealitate bihurtzeko”

JAVI AGUADO | Eibar Rugby Taldeko zuzendari teknikoa
2024/09/27 11:50
eta kitto!

Eibar Rugbyko emakumezkoen lehen taldeak azken denboraldian galdutako Ohorezko Maila berreskuratzeko asmoarekin ekingo dio denboraldi berriari. Cristina Guntinen aginduetara bederatzi denboraldi egin eta gero, Ohorezko B Maila berrian Getxotik datorren Javi Aguado eta Bera Beratik heltzen den Jokin Gorrotxategi izango ditu prestatzaile hurrengo erronkari heltzeko sasoi berrian.

Javi Aguadok ondo daki aurrean izango dituen zailtasunei nondik heldu. Hiru hilabete besterik ez dira Getxoko emakumezkoen taldearekin Ohorezko Mailara igotzea lortu zuela, bertan egindako lau urteko lanari ginga ezarriz. Eta itxaropentsu ekiten dio Eibarren izango duen erronkari.

 

Zelako taldea aurkitu duzue hona etortzerakoan?

Talde berritua eta oso gaztea, aldi berean. Pixka bat erreta dagoena ere bai. Horrek behartu gaitu guztiz aldatzera sistemak; dena dela, jokalariek ikasteko gogoz daudela erakutsi digute.

Erreta diozunean, zergatik izan daiteke?

Aurreko entrenatzaileak bederatzi urte eman zituen hemen, eta hori asko da; azkenerako, jendeari ez zaizkio mezuak behar den bezala heltzen, denborarekin galtzen joaten delako lotura hori. Horregatik, beharrezkoa da beste urrats bat egitea, taldea berrindartzea. Aldaketa asko eskatzen du horrek, eta bide horretatik goaz.

Azken denboraldiko taldearekin parekatuz, asko aldatu da ekipoa?

Bai, zentzu guztietan gainera. Guk ez dugu fitxaketarik egin, eta taldeko ia guztiak Euskal Ligatik datoz. Horren aldeko apostua da gurea, ikusita gainera erakutsi diguten ikasteko gogoa. Jokalari gazteen alde egin dugu guztiz, azken unean fitxaketa bat edo beste izan daitekeen arren. Taldea asko gaztetu da eta gure proposamena denboraldiari hemengo jokalariekin ekitea da.

Zein da denboraldiko helburua? Berriro igotzea akaso?

Jakina. Helburu hori ez dugu aldatuko. Ahal bada, gustatuko litzaiguke lehenengo harria ipintzea bide horretan, jokoan ikasteari mailaz igotzearen ginga jarriz. Gainera, jokalari hauek badute kalitatea.

Zeintzuk dira taldeak dituen indarguneak eta, aldi berean, izan ditzakeen ahulguneak?

Indarguneen artean, jokalariek erakusten duten gogoa azpimarratuko nuke, pasada bat, esponjak dirudite gure aginduak asimilatze prozesuan; beti daude prest entrenatzeko, galderak egiteko... Kontrara, esperientzia falta nabarmenduko nuke. Horretarako balioko digu hasitako Erreginaren Kopak, mekanismoak hartzen joateko. Baina indartsu gaudela erakutsi dugu.

Zelako sentsazioekin geratu zinaten Burgosko Pingüinas taldekoen aurkako partiduaren amaieran?

Lehenengo partidu horrek sentsazio onak laga zizkigun. Proposatutako joko-sistemak nahiko ondo funtzionatu zuen eta, ondo egindako lanaren ondorioz, taldea nagusitu zen.

Asteburu honetan bigarren erronka izango duzue, Unben berriro, baina Ohorezko Mailako Getxoren aurka. Horrek gehiago eskatuko dizue, ez?

Jakina, talde igo berria izanda ere, fitxaketa indartsuekin baitator. Gure benetako borroka, dena dela, Liga hastearekin izango da, eta Erreginaren Kopa hau guretzat denboraldiaurrea da, oso aproposa ikasten joateko. Emaitza ez da aurreko asteburukoa izango seguruenik, baina partidua jokatu beharra dago, ikusiko dugu. Eta hurrengoa CRAT Rialtaren aurka, hori kanpoan... Hori ere jokatu beharrekoa; zein emaitzarekin, batek daki! Gauza asko gertatu daitezke, txartel gorriak izan daitezke... Gure bideari jarraitu behar diogu, gure joko-sisteman sakonduz.

Mailaz igotzeko aukerak zenbatekoak dira?

%85ekoak, esaterako. Ikusi behar beste taldeak zelan dauden, baina Erreginaren Kopa hasierakoak ikusita, itxaropentsu nago gure lanarekin.

Noiz izango da taldea puntu-puntuan? Denboraldi amaierarako?

Ordurako prestatu beharko gara, batez ere. Baina gure lehenengoko asmoa zuzenean igotzekoa da; horrela ezin bada, repeskan ahaleginduko ginateke. Apunte bat: Ohorezko Mailan orain plaza bat geratu da libre, Bartzelonak bere taldea erretiratu duelako. Baina ez dugu hori hartzea nahi. Esku artean dugun taldea oso gaztea delako, eta hobe delako Ohorezko Mailan gozatzeko esperientzia gehiago biltzea. Olimpicok, Sanboianak... ez dakit zeinek hartuko duen, baina ez da gure bidea.

Zer esanahi du Eibar Rugbyn talde nagusia emakumezkoena izatea?

Getxon ere horrelako bilakaera bat bizi izan dut azken urteotan, eta bertako gizonezkoen zein emakumezkoen taldeak nahiko paretsu dabiltza azken aldian. Eibar toki ezin aproposagoa da mailaz igotzeko: ez bakarrik duen taldearengatik, baita maila pertsonalean ere, zuzendaritza oso gertu dugulako. Klubeko erreferente izanda, hemengo neskek zorte handia dute.

Zelako baloreak transmititzen ditu errugbiak?

Errespetua dago, beste guztiaren gainetik. Zelaian gogor borrokatu arren, hirugarren denbora bizi den kiroltasun seinalea izaten da. Errespetu hori, gainera, zelaitik kanpo ere arnasten da: harmailan zaletuek ez dute irainik eta halakorik ahotan, epaileen lana ere modu onean hartzen da...

Zenbat denboraldi espero duzu hemen egitea?

Hori Iñaki presidenteari galdetu beharko zaio! Proiektu baten zikloa hiruzpalau urtekoa aurreikusten dut. Hortik aurrera, gure mezuek indarra galtzen joateko arriskua baitute. Oinarri bat sortzea gustatuko litzaidake niri, joko-sistema bat: plakatzerakoan, jokatzerakoan... estilo bati jarraitu.