Eibarren egindako motorrek hartuko dituzte kaleak, asteburuan ospatuko den Lambretta Eibar XIX. Topaketaren eskutik
Goizean goizetik ekingo diote biharko programari: 10:00etatik 12:00etara Untzagan elkartzen joango dira motorzaleak, beste herri batzuetatik etorritako parte-hartzaileei harrera egin eta akreditazioak banatzeko. Jarraian, bertatik irtengo dira topaketako parte-hartzaile guztiak, 12:00etan, Lambretta gainean herriko kaleak zeharkatzeko. Eta, kalejiran era guztietako modeloak herrian erakutsi ondoren, kostalderako bidea hartuko dute. Aurten Getariara joango dira motorzaleak, eta bidean atsedenaldia egingo dute, hamarretakoa jateko. Ondoren, 13:30ak aldera Soraluzerako bidea hartuko dute, hango Txurruka jatetxean elkarrekin bazkaltzeko. Ohikoa den bezala, bazkalostean banatuko dituzte sari eta oroigarriak. Eibarrea buelta 18:30ak aldera egingo dute, eta 20:00etarako motor guztiak Untzagan aparkatu eta erakutsiko dituzte, afari-merienda egiten duten bitartean jendeak ikusi ditzan.
Domekarako plana apur bat lasaiagoa izango da: goizeko 10:00etan elkartu eta eskualdean zehar ibiliko dira motorzaleak, hamarretakoa egin eta gero, bazkaltzeko ordurako datorren urtera arte agur esan aurretik.
Asteburu honetan makina bat Lambretta errepidean ibiltzen ikusiko baditugu ere, gaur egun ia-ia museoetan erakusteko moduko motorrak dira. Ironikoa ere bada, XX. mendearen erdialdean, 60ko hamarkadan, Lambretta motozikletak Europako errepide guztietan ibiltzen baitziren, modernotasunaren ikur gisa. Otaola hiribidean zegoen Eibarko Lambretta fabrikaren instalazioetan milaka eta milaka motor egin zituzten eta hiru miloigarrena 1963ko martxoan irten zen bertatik. “Lambretta Locomociones S.A.” enpresa Florencio Irigoyen Berrondo jaunarena zen, eta 1950eko hamarkadaren hasieran sortu zen bizikleta motordunak egiteko xedez. 1953. urtean instalazio-lanak hasi ziren: bulegoak, lantegiak eta motozikletentzako pista edo probaleku bat, eraikinaren teilatu-lauan. Enpresa itxi zenetik hona eraikinak hainbat erabilera izan ditu. Lehengo fabrikaren tokian Ertzaintzaren bulegoak, aparkalekua, jatetxeak eta beste hainbat enpresa daude gaur egun.
Urteroko topaketa antolatzen duen Eibarko Lambretta Kluba, Eibarren egiten ziren motor horiekin gozatzeko eta, batez ere, zaletasun horren bitartez Eibarko ondare industriala berreskuratzeko asmoz sortu zuten, 2003an. Harrezkero Eibarko zein kanpoko errepideetan martxan dabiltzan hamarnaka Lambretta berreskuratu eta zaharberritu dituzte. Taldean Eibar eta inguruko herrietako 60 bazkide inguru dira eta, urteroko topaketa hau antolatzeaz gain, hilean behin-edo irteeraren bat egiten dute.