Eibarren ere hasi dira Euskaraldiko txapak banatzen
Beste herrietan bezala, Eibarren ere hasi dira Euskaraldiko txapak banatzen, Eibarren AKEBAIren gidaritzapean, eta horretan aritu ziren apirilaren 12an, San Andres elizako plazan. Bertan ipini zuten mahaian Euskaraldiari buruzko informazioa eta izen-emate orriak ere ipini zituzten eskuragarri. Izena emateko eta txapak jasotzeko mahaia berriz ipiniko dutela jakinarazi dute: maiatzaren 9an (barixakua) egongo dira Errebalen, 18:30etik aurrera.
Bestalde, Eibarko hainbat lekutan eskuratu ahal izango dira Euskaraldiko txapak astelehenetik aurrera, apirilak 28. Txapekin batera orri-markatzaileak oparituko dira. Hauek dira lekuak
1. EUSKARA ZERBITZUKO BULEGOA
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 07:30 - 15:30.
Helbidea: PORTALEA eraikineko 2. solairua. Bista eder 10.
2. UDAL EUSKALTEGIA
Ordutegia: Astelehenetik ostegunera 08:30-14:00 eta 16:30-19:00. Ostiraletan 08:30-14:00.
Helbidea: PORTALEA eraikineko 2. solairua. Bista eder 10.
3. AEK
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 10:00 - 13:00 eta 17:00 -19:00.
Helbidea: Sostoa 1-1.
4. ...eta kitto! Euskara Elkartea
Ordutegia: 10:00 - 14:00 eta
17:00 - 19:00.
Helbidea: Urkizu pasealekua 11.
5. ARMERIA ESKOLA
Ordutegia: Astelehenetik ostegunera 08:00-21:00. Ostiraletan 08:00-20:00.
Helbidea: Isasi 36.
6. EIBARKO KLUB DEPORTIBOA
Ordutegia: Asteartetik ostiralera 18:00 - 20:30.
Helbidea: Toribio Etxebarria 16, 1. solairua.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, “Euskaraldia erakunde publikoek zein gizarte eragileek sustatutako ekimena da, euskararen erabilera bultzatzera begirako 11 eguneko ekintza, euskara gehiago, gehiagotan eta jende gehiagorekin egiteko elkarrekin egiten den ariketa sozial bat”. Aurten laugarrenez egingo da, maiatzaren 15etik 25era, Elkar mugituz egingo dugu goiburuari jarraituta.
Arduradunek azaldu dutenez, “16 urtetik gorako edonork har dezake parte, Ahobizi edo Belarriprest txapa jantzirik; izen-ematea herrian zehar hainbat egunetan jarriko diren mahaietan edota euskaraldia.eus web-orrian egin daiteke”.
Norbanakoez gain, erakunde eta elkarte gisa parte hartzeko aukera ere badago, eta Eibarko Udalak ariketa modu sakon batean egiteko konpromisoa hartu du: “Udaleko langileei begira lanketa berezia prestatu du; neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktikak aldatzeko eta horiei etorkizunean eutsi ahal izateko, eguneroko harremanetan euskarari lehentasuna emanez”, adierazi dute. EAJ udal taldeko Aiora Arrieta Euskara batzordeburuak herritarrak parte hartzera animatu nahi: “Euskara bultzatu eta sustatu behar dugu, eta hori guztion artean lortu dezakegu Eibarren euskaraz gehiago hitz egiten, gure kaleetan gehiago entzun dadin. Animatu txapak janztera!”.