Eibarren euskararen kale-erabilera behera: %24tik %13ra azken bi hamarkadetan

Eibarren euskararen ezagutza handitu bada ere, kale-erabilerak beherantz egiten jarraitzen du: %24tik %13ra jaitsi da azken hamarkadan. AKEBAIk egindako diagnosiak agerian utzi du aisialdia, gazteak eta familia-transmisioa direla kezka nagusiak.
2026/05/20 14:36
Irati Alvarez Malaxetxebarria

(ELKARRIZKETAREN BIDEOA LANTZEN ARI GARA. LASTER IZANGO DA IKUSGAI).

Eibarren euskararen egoerak paradoxaren itxura hartu du azken urteotan: gero eta herritar gehiagok dakite euskaraz, baina kalean gero eta gutxiago erabiltzen da. Horixe da AKEBAIk eta Ahize-AEK-k osatutako Eibarko Euskararen Diagnostikoa 2025 txostenak utzi duen ondorio nagusietako bat. 2016tik 2025era arte indarrean egon den plan estrategikoaren balorazioa egin du plataformak, eta herritarren, teknikarien eta eragileen iritziak bildu ostean, euskararen normalizazioaren erronka nagusiak identifikatu ditu.

Arkaitz Uranga AKEBAIko koordinatzaile eta idazkariaren esanetan, plan berri bat diseinatu aurretik ezinbestekoa zen herriaren egoera eta pertzepzioak aztertzea. “2025arekin batera amaitu da aurreko planaren agintaldia, eta aurrera begira herritarren pertzepzioak entzun nahi genituen, guk geuk ere jakiteko zein abiapuntu dugun”, azaldu du.

Diagnosiak erakusten du Eibarren euskararen ezagutza handia dela gaur egun. Herritarren %72 “euskalduna edo ia-euskalduna” da. Hala ere, kale erabilerak beheranzko joerari eutsi dio: 2016an %15,1ekoa zen, eta 2021ean %13ra jaitsi zen. Bilakaera historikoa are adierazgarriagoa da: 2006-2010 aldian erabilera %24,5 inguruan zegoen.

Urangaren ustez, arrakala hori ezin da ezagutza datuekin soilik azaldu. “Erosotasunak, ohiturek, hiriko egoera soziolinguistikoak edo kalean arnasten den giroak eragin handia dute”, dio. Diagnosiak ere antzeko ondorioa jaso du: euskaraz dakiten guztiek ez dute euskaraz egiten haien artean.

Gazteak, aisialdia eta erabilerarako espazioak

Kezka berezia sortu dute gazteen erabilera datuek. Kale erabileran haurrak dira euskaraz gehien egiten dutenak (%30,2), baina 15 eta 24 urte arteko gazteen artean erabilera %9,5era jaisten da. Horregatik, diagnosian parte hartu duten herritarrek aisialdia, gazteak eta familia-transmisioa identifikatu dituzte lehentasun nagusi gisa.

Inkestan aisialdiak jaso ditu aipamen gehienak, gazteen eta familiaren aurretik. Izan ere, herriko eragile askoren ustez, aisialdi eta kultura eskaintza euskaraz “murriztua” da, batez ere adin batetik aurrera. Urangaren arabera, hor dago erronka handietako bat: “Euskara ezin da ikasketetara edo lan mundura mugatu. Gure eguneroko bizitzako esparru guztietan egon behar du”.

Diagnosian kirola, kultura eta aisialdia behin eta berriz agertu dira euskararen erabilera indartzeko giltzarri moduan. Hainbat lan-mahaitan azaleratu dute, ordea, esparru horietan ere inertzia erdaldunak nagusitzen direla sarritan, baita euskaraz bizi nahi dutenen artean ere.

“Gutxiengoan egotearen sentsazioak higadura sortzen du”

Diagnosiaren beste ondorio nagusietako bat “estres linguistikoaren” presentzia izan da. Parte-hartzaileek lotsa, gatazkaren beldurra eta nekea identifikatu dituzte euskararen erabilerarako oztopo nagusien artean. Urangaren hitzetan, “gutxiengoan egotearen sentsazioak higadura sortzen du”.

AKEBAIko koordinatzailearen ustez, euskararen aldeko militantziak neke puntu bat eragiten du askotan. “Euskararen alde lan egitea askotan korrontearen kontra arraun egitea da”, azaldu du. Hala ere, “erreezinak” diren herritarrak ere badirela nabarmendu du, urteak pasa arren konpromisoari eusten diotenak.

Hizkuntza inertziek ere pisu handia dute Eibarren. Diagnosiak ondorioztatu du talde batean erdaldun bakarra egoteak sarritan hizkuntza aldaketa eragiten duela. Horren aurrean, Urangak “ariketa kontzientea” egitearen alde egin du:

“Lau lagunek euskaraz badakite eta batek ez, ezin dugu automatikoki erdarara jo. Esplizitatu egin behar dugu gure artean euskaraz egingo dugula eta beste pertsonari laguntza eskaini”.

Bere ustez, hizkuntza ohiturei buruz hitz egitea bera ere deserosoa egiten da askotan, baina inertziak apurtzeko ezinbestekoa da.

Familia-transmisioa, kezka nagusietako bat

Familia transmisioa da diagnosiaren beste puntu kritikoetako bat. Etxean gaztelania da hizkuntza nagusia (%58,5), eta euskaraz bakarrik aritzen diren familien portzentajea %19 ingurukoa da azken bi hamarkadetan.

Urangaren arabera, maiz pentsatzen da D ereduaren hedapenarekin transmisioa “bermatuta” dagoela, baina hizkuntza eskolara mugatzeko arriskua dago. 

Diagnosian parte hartu duten hainbat herritarrek ere kezka bera azaldu dute: euskaraz dakiten guraso askok etxean gaztelaniaz egiten dute, eta belaunaldi berriek ez dute euskararen “lekukoa” hartu.

Euskara, integraziorako tresna

Etorri berrien integrazioari dagokionez, AKEBAIk aukera moduan ikusten du euskara. Diagnosiaren AMIA analisietan ere hizkuntza “integrazio tresna” gisa ageri da.

Hala ere, erronka handiak daudela aitortu dute. Etorri berriek askotan heldu arte ez dute euskararen existentziaren berri, eta egoera zaurgarrietan beste lehentasun batzuk izaten dituzte. Horregatik, Urangaren ustez, beharrezkoa da integrazio prozesuetan euskarak hasieratik presentzia izatea eta “egiturazko sistema” bat eraikitzea hizkuntzaren bidelaguntza bermatzeko.

“Herritar guztion ardura da”

Bestalde, AKEBAIk berak ere autokritikarako tartea izan du. Elkarrizketatutako herritar batzuek uste dute plataforma “instituzionalizatu” egin dela eta hasierako indarra galdu duela. Urangak kritikaren zati bat “ulergarria” dela dio, gaur egungo gizarte “hiperazeleratuan” talde ekimenek higadura jasaten dutelako.

 Hala ere, diagnosiak argi utzi du herrian badagoela norabide komun bat: “Euskaraz bizi ahal den herria” eraikitzea.

Horretarako, Urangak ezinbestekotzat jo du herritarren inplikazioa: “Euskararen normalizazioa ez da euskara teknikarien edo euskara elkarteen ardura bakarrik; herritar guztion ardura da”.