“Eibarren pastel kopuru ikaragarria saltzen zen”

“Eibarren pastel kopuru ikaragarria saltzen zen”
2011/11/25 00:00
eta kitto!

-Bihar omenaldia jasoko duzue Krabelinen, baina nola hasi zen guzti honen historia?
Hector: Eibarren 15 urterekin hasi nintzen gozogile moduan nire aitarekin. Solera Eibarresan zeukan gozotegia bere bazkidearekin, estankoko Pedrorekin. Orduan dena nahastuta egoten zen (pastelak eta abar), oso gauza bitxia zen. 1959an hasi ginen lanean, Armeria Eskolan ikasketak amaitu eta limarekin nire abilezia erakutsi ostean aitak gozotegian hasteko esan zidanean (barreak). 1962an banatu eta Antxon gozotegia sortu genuen Estaziño kalean, eta gero beste berri bat Dos de Mayon (gaur egun Toribio Etxeberria dena). Anaia eta bere emaztearekin egon ginen lanean eta, asko ginenez, Donostiara etorri eta Labeak sortu genuen 1985an (gozogintzarako labeak sortzen zituzten bazkideekin). 1993an bakarrik lanean hasi ginen Donostiako Gipuzkoa plazan, eta gaur egun ia 60 pertsonari lana ematen dien zortzi denda eta gozogintza-lantegia daukagu.
-Webgunean irakurri dudanez, pastelez gain, bestelako produktuak ere eskaintzen dituzue: bakailoa eta abar.
Hector: Ez, ez. 1993an hasi ginenean okindegia, gozotegia, kafeteria eta janariak eskaintzea zeuden gure zerbitzuen artean. Hasiera batean lan izugarria eman zigun sukaldeak, baina prestatutako janariak banatzen zituzten enpresen booma egon zen eta behera egin zuen horrek gurean. Sukaldari bat kendu genuen, gero beste bat eta zerbitzua kendu genuen azkenik. Orain, kafetegia izaten jarraitzen dugu, hala ere. Hori bai, ez dugu alkoholik zerbitzatzen.
-Kontsumitzaileen gustoak asko aldatu dira hasi zinenetik gaur egunera arte?
Hector: Ez, uste dut jendeari gauza tradizionalak gustatzen zaizkiola.
Rosa: Jendeak produktuak ikusi nahi ditu eta saltzen duenarekin berba egin, tratu pertsonal hori. Gazteek, agian, supermerkatuetara joateko ohitura gehiago daukate, baina zerbait berezia nahi badute, produktu hori egiten duten profesionalengana jotzen dute. Produktuei dagokienean, bestetik, orain sorta handiagoa dago.
Hector: Hozkailuek baliatzen dute hori, hotza behar duen generoa erabili baitezakezu gozoak sortzean. Lehen zera geneukan (sota, caballo y rey), irasagarra, bizkotxoa eta bizkotxo bustiak. Baina Rosa, nik uste dut jendea betiko gauza horien bila datorrela gozotegira.
Rosa: Egia esan, jendea nahiko klasikoa da. Gaur egun, adibidez, ez dakizu zenbat saltzen den txokolatea. Baina txokolate ona, eh. Txokolate ona nahi duenak guregana jotzen du, baina berdin bazaizu nolako txokolatea jan, supermerkatuan txokolatea tableta erosten duzu eta kitto. Kakao portzentai ezberdinekin egiten ditugu guk txokolateak, bonboiak gaur egun lehen baino arinagoak dira, zapore askokoak, osagai anitzekoak… lehen bonboi bat jaten zenuen eta denek zapore bera zeukaten. Gaur ez, alde handia dago batetik bestera.
Hector: Frantsesak txokolate-kontsumitzaile handia izatearen zorte handia daukagu. Gabonetan, adibidez, ez dute turroirik jaten, txokolatea baizik.
-Donostian izanda , beraz, frantses asko jasoko duzue zuen dendetan.
Hector: Bai. Gainera, prezioan aldea dago herrialde bien artean.
Rosa: Kafetegira txokolatea edatera datorren frantses asko dago eta batzuk esaten digute Euskadi osoko onena dela. Egia esan, momentuan hartzeko txokolate oso ona egiten dugu eta fratsesak dira gure txokolatea gehien miresten dutenak.
Hector: Eta bolarrarekin laguntzen dute.
-Zer da?
Hector: Azukrea irakiten lagatzen duzu, klara batzuk botatzen dizkiozu, irabiatu, bizkor almibarra belar batzuetan sartzen duzu eta opil baten tamainako azukre-koskorra izango litzateke osatzen dena. Lehen oso normala zen hori jatea.
Rosa: Gipuzkoa eta Bizkaia osoan Zumarragako gozotegi batek eta guk bakarrik eskaintzen ditugu. Kafetegian txokolate beroa, limonada eta bolarra zerbitzen ditugu. Oso ohitura zaharra da. Eibartar zaharrek gogoratuko dute. Antzinako Pistoa gozotegian pentsatzen dut eskaintzen zutela. Bestetik, Juanito taberna dagoen tokitik hurbil zegoen Galarzan sartzen nintzen bakoitzean zegoen usain gozoa gogoratzen dut eta han ere bolarra zerbitzatzen zuten.
-Txikitako usain eta zaporeak memorian geratzen dira.
Rosa: Ia urte bi Hendaian bizi izan nintzen nire izeba baten etxean eta osabak Baionako txokolategi batera eramaten ninduen. Bertan, portzelanazko taza batzuetan etaratzen zuten txokolatea eta mahaira ateratzen zuten guztia zilarrezkoa izaten zen. Txokolate beroa croissant batekin ateratzen zuten (Eibarren ez zegoen croissantik) eta nataz beteriko tazatxo bat ere (existitzen ere ez zena), niretzat New Yorken egotea bezalakoa zen hura. Urteak pasa dira eta oraindik oroitzen dut.
-Nola banatzen zenuten lana negozioan?
Hector: Goizean goiz jaikitzen ginen, lana egin, produktuak dendetan ateratzen genituen eta Rosak saldu egiten zuen.
-Eibarren gozozaleak garela esango zenuke?
Rosa: Demaseko gozozaleak gara eibartarrak!
Hector: Donostiara iritsi ginenean pentsatu genuen: "hemen inork ez du gozorik jaten!”. Eibarren saltzen zen pastel kopurua demasekoa zen. Hemen norbaiten amaren urtebetetzea bazen, semeeak, loibek, ilobek eta alboko etxekoek pastelak jasotzen zituzten etxeetan. Hori gaur egun ez da existitzen.
Rosa: Orain bakoitzak bere kontsumorako erosten ditu pastelak.
-Zuek tentazioa muturren aurrean zeneukaten. Gozozaleak zarete?
Biek: Asko!
Hector: Ez al da igartzen? Eta hori erregimena egiten gabiltzala (barreak). Beti gustatu zaizkigu. Gogoratzen dut nola lehen aitak apurrak ekartzen zituen.
Rosa: Nik egunero jan behar dut zerbait gozoa.
Hector: Gainera, gauzak probatu egin behar dira pastel berriak sortzeko.
-Zein izan da zuen produktu izarra?
Hector: Azken aldian Txintxorroa dela esango nuke.
Rosa: Limoizko pastela ere.
Hector: Donostiarra baita. Horiek guztiak iraupen-luzeko pastelak dira. Orduan, Donostiara bisitan joan eta bueltan zerbait eramatea nahi duten askok erosten dituzte horrelakoak. Bestela, Donostian ez zegoen espezialitaterik, agian Pantxineta, baina ez da iraupen-luzekoa.
Rosa: Hectorren aitak Florentino izeneko pastela egiten zuen eta afaltzen geunden gau batean esan nion Hectorri: “pastel hau, hain ona izanda, ez da asko saltzen”. Orduan, izen berria bilatu genion: Txintxorro.
Hector: Badakizu zer den txintxorroa?
-Ez.
Hector: Portutik itsasontzira bidea egiten duen txalupatxoa.
Rosa: Ba pastelak txalupa itxura dauka eta egunean 800 saltzen ditugu.
-Marketing estrategia ona orduan.
Hector: Bai, gauza da guk ez genekiela egiten genuen hori marketinga zenik (barreak).
Rosa: Ez genekien berba hori existitzen zen ere!
-Beno, Donostian Txintxorroa, eta Eibarren zein zen arrakasta handiena zuen pastela?
Rosa: Ez genuen pastel berezirik egiten.
Hector: Bergarako betea izan liteke bat eta, bere sasoian, San Blasa, noski.
Rosa: Donostiara San Blasa eraman genuen eta inork ez zuen ezagutzen. Ba demaseko arrakasta izan zuen. Eibarren baino gehiago saltzen ditugu han gaur egun. Beste gozotegi batzuk San Blasa egiten hasi dira han ere, baina jendeak gurea onena dela daki (barreak).
Hector: Orain, Krabelinen egingo diguten omenaldirako Grabadorearen Bola izeneko pastela egin dugu. Txokolatez inguratutako bola da eta inguruan, eta ez da handikeria eibartarra, urrea dauka.
-Zein zapore du urreak?
Hector: Ez dauka zaporerik; txokolate gainean dagoenez, txokolatearen zaporea hartzen diozu.
Rosa: Erreumarentzat ona omen da urrea.
-Zer suposatzen du zuentzat omenaldia jasotzeak?
Hector: Pixoihalak jarri behar izan ditu berriro nire emazteak (barreak). Inoiz baino emozio gehiago dauka. Eibar beti izan dugun gauzarik handiena da. Oso pozgarria da omenaldia jasotzea.
Rosa: Ezusteko handia.
-Nolakoa izango da biharko eguna?
Hector: Urduri egongo gara, ziur.
Rosa: Familia, lagunak… etorriko dira eta berezia izango da.