Eibartarrak sarean | Mikel Díaz de Guereñu eta Mikel Azkargorta: "Kirola eta bideojokoak nahastu nahi genituen, bideo original eta sortzaileak egiteko"
(ELKARRIZKETAREN BIDOEA LANTZEN ARI GARA. LASTER IZANGO DUZUE IKUSGAI).
Mikel Díaz de Guereñu gasteiztarra eta Mikel Azkargorta eibartarra dira sare sozialetan “Maikys” izenez ezagun egin den proiektuaren sortzaileak. Wii Sports bideojokoarekin inspiratuta, kirolak eta herri kirolak benetako erronka bihurtu dituzte TikTok eta Instagramen. Orain “Maikys Party” izeneko serie berria abiatu dute: dado erraldoi baten bidez EAE osoan zehar ariko dira minijokoak eta probak eginez. Hasieran hobby modura hasi baziren ere, proiektua gero eta handiagoa bihurtzen ari dela aitortu dute.
Aurkeztu zuen buruak.
Mikel Díaz de Guereñu: Mikel naiz, gasteiztarra, 23 urte ditut eta pedagogoa naiz. Duela gutxi orientatzaile izateko masterra amaitu dut. Eta, horrez gain, Mikelekin batera bideoak egiten ditut sare sozialetarako.
Mikel Azkargorta: Ni ere Mikel naiz, 22 urte ditut eta Magisteritza ikasten ari naiz. Iazko irailetik gabiltza bideoak igotzen.
Nolatan hasi zineten bideoak egiten?
Mikel Díaz de Guereñu: Duela pare bat urte modarekin lotutako bideoak egiten hasi ginen beste kontu batean. Azkenean, aspertu egin ginen eduki mota horretaz eta urtebetez ez genuen ezer igo. Gero, “Maikys” proiektuarekin itzuli ginen eta ordutik oso gustura gabiltza.
Hasieratik eduki sortzaile izatea zenuten helburu ala hobby modura hasi zineten?
Mikel Azkargorta: Hasieran hobby hutsa zen. Denborarekin ikusi genuen, ordea, zerbait handiagoa bihur zitekeela. Oraindik ikasketekin gabiltza eta hobby modura bizi dugu, baina etorkizunean lan bihurtzeko aukera baduela uste dugu.
Mikel Díaz de Guereñu: Txikitatik asko gustatu izan zaizkit bideojokoak eta nire lehen kontsola Wii-a izan zen. Herrian lagunekin pila bat jolasten nuen. Gainera, Mikel eta biok txikitatik ibili gara pilotan. Azkenean, kirola eta bideojokoak uztartu nahi genituen, eduki original eta sortzaileak egiteko.
Hasieran Wii Sports estiloko bideoekin egin zineten ezagun. Zer moduz joan da proiektua?
Mikel Azkargorta: Oso ondo, egia esan. “Maikys Sports” formatua azkar grabatzen dugu normalean, baina orain “Maikys Party” izeneko serie berriarekin gabiltza lanean eta horrek denbora gehiago eskatzen du.
Araban grabatzen ari gara orain, eta horrek joan-etorri asko, grabazio luzeak eta edizio lan handia dakar. Hala ere, oso gustura gaude emaitzarekin.
Mikel Díaz de Guereñu: Bai, gainera dado erraldoi bat daukat eta ez da kotxean sartzen. Horregatik, askotan hiru bakarrik joan gaitezke.
Mikel Azkargorta: Edo lau… pixka bat ilegalki (barreak).
Jende askok ez daki zer diren Wii Sports edo Wii Party jokoak. Nola azalduko zenituzkete?
Mikel Díaz de Guereñu: “Wii Sports” Wii kontsolaren jokorik ezagunena izan zen. Oso joko ezaguna zen, gainera kontsolarekin batera zetorrelako. Bost kirol zituen: tenisa, boloak, boxeoa, beisbola eta golfa. Edonorekin jolasteko joko bat zen: lagunekin, familiarekin edo amonarekin ere bai.
Mikel Azkargorta: “Wii Party” ere Wiiko beste joko ospetsu bat da. Guk egiten duguna da joko horietako minijokoak edo ideiak bizitza errealera eramatea. “Maikys Sports”-en kirolak egiten genituen batez ere; “Maikys Party”-n, berriz, minijokoak eta erronkak dira protagonista.
Mikel Díaz de Guereñu: Hori da. Dagoeneko 40 kirol baino gehiago egin ditugu.
Zergatik erabaki zenuten herri kirolak ere sartzea?
Mikel Azkargorta: Euskal Herritik kanpoko jendeari gure kirolak erakutsi nahi dizkiogu. Pilotan ibili garenez, badakigu zer den herri kirolen inguruan haztea. Uste dugu jendeak aukera bat eman behar diela.
Mikel Díaz de Guereñu: Gainera, hemengo kirolekin errazagoa da grabatzea, ez dugulako beste lekuetara jo behar. Hurbileko kirolak dira eta horrek harremanak egitea ere errazten du.
Nolako esperientziak bizi izan dituzue grabaketetan?
Mikel Azkargorta: Oro har, oso onak. Gehienak behintzat bai. Nahiz eta baten bat ez hain ona izan…
Mikel Díaz de Guereñu: Hipikakoa, adibidez (barreak). Zalditik erori egin ginen.
Mikel Azkargorta: Kolpe handia hartu genuen.
Mikel Díaz de Guereñu: Zaldia urduri jarri zen eta lurrean bukatu genuen. Tamalez, erorketaren bideoa ez dugu, baina zaldiaren unea grabatuta dago.
Inoiz grabatutako bideoren bat ez igotzea erabaki duzue?
Biak: Ez.
Mikel Díaz de Guereñu: Normalean grabaketa guztiak oso esperientzia onak izaten dira. Jendea oso jatorra izaten da gurekin.
Mikel Azkargorta: Batzuetan gertatu izan zaigu klub batekin geratu eta inor ez agertzea, baina oso gutxitan.
Nola egiten dituzue kontaktuak?
Mikel Azkargorta: Batzuetan klubekin harremanetan jartzen gara guk geuk, posta elektroniko bidez. Beste batzuetan eurek idazten digute. Eta askotan lagunen bidez ere heltzen zaizkigu ideiak edo kontaktuak.
Mikel Díaz de Guereñu: Hasieran lagunekin hasi ginen dena egiten. Denborarekin, ordea, kontaktu gehiago egin ditugu eta orain askok eurek idazten digute. Normalean beti baietz esaten dugu.
“Maikys Party” formatu berriarekin hasi zarete orain. Zer aurkituko du jendeak?

Mikel Díaz de Guereñu: Eibar ere sartuta dago, lasai!
Mikel Azkargorta: Herri bakoitzean minijoko bat egin beharko dugu. Irabazten badugu sariak izango ditugu; galtzen badugu, zigorrak.
Amaitzeko, aurrerapenik eman dezakezue?
Mikel Díaz de Guereñu: Aurrerapen modura esan dezakegu Gasteizera iristean zerbait handia egingo dugula. Jendea bertara etortzera animatu nahi dugu, oso ekintza berezia izango delako.
Mikel Azkargorta: Gainera, aurrez aurre elkar ezagutzeko aukera ere egongo da.
Mikel Díaz de Guereñu: Oso gogotsu gaude, eta uste dugu jendeari asko gustatuko zaiola.