EIBARTARRAK SAREAN | Miryam Tejada
Kazetaria da Miryam Tejada, eta bidaiak ditu pasio nagusi. Leioan ikasia eta Bartzelonan turismoan espezializatua, urteetan komunikazioaren eta bidaiaren arteko lotura landu du. 2024an turismo eta komunikazio agentzia propioa sortu zuen, eta gaur egun, sare sozialen bidez, familia-bidaien inguruko esperientziak partekatzen ditu, ama izan arren bidaiatzeko moduak eraldatzen direla erakutsiz.
Noiztik dator kazetaritzarako eta bidaietarako zaletasuna?
Txikitatik izan dut argi kazetaria izan nahi nuela; beti erakarri naute komunikazioarekin lotutako munduek. Bidaiatzeko grina ere etxetik datorkit, gurasoek txikitatik transmititu zidatelako. Horregatik, beti saiatu naiz komunikazioa eta bidaiak uztartzen.
Nola otu zitzaizun zure enpresa propioa sortzea?
Lan-ibilbideak berak eraman ninduen horretara. Urte askoan komunikazioaren eta turismoaren arloan aritu ondoren, bi munduak modu naturalean elkartzeko beharra sentitu nuen, eta nire proiektua sortzea urrats logikoa izan zen.
Aurretik ere bi pasio horiek uztartu izan dituzu sare sozialen bidez.
Bai. 2012an bidaia-blog bat sortu nuen, zazpi urtez martxan egon zena. 2018an desagertu egin zen kontua, eta orduan sare sozialetara salto egitea erabaki nuen. 2024an, enpresa sortu nuenean, Instagram modu profesionalagoan lantzen hasi nintzen.
Zer erakutsi nahi duzu gaur egun sare sozialen bidez?
Umeekin bidaiatu daitekeela, ama izateak ez duelako esan nahi bidaiak amaitzen direnik. Nire kasuan, bi umerekin bidaia luzeak eta ibilbideak egitea posible dela erakusten dut. Horrez gain, gertuko planak eta inguruko baliabide turistikoak balioan jarri nahi ditut, askotan ezezagunak direlako.
Erronka handia al da umeekin bidaia luzeak egitea?
Erronka dira, baina egingarriak. Antolaketa eta pazientzia behar dira, eta bidaia ondo prestatzea funtsezkoa da. Oraingoz ez ditugu bidaia oso luzeak egin, baina esperientzia indartsuak bai; esaterako, nire semeek zortzi hilabete zituztenean Dolomitetara joan ginen familian.
Eguneroko planak ere erakusten dituzu.
Bai, inguruko esperientziak, jarduerak eta planak partekatzen ditut. Kolaborazioak ere egiten ditut, eta asteburuak semeekin aprobetxatzeko modu polita da.
Baduzu bereziki gustatu zaizun bidaiarik?
Zaila da bat aukeratzea, baina Oman oso berezia izan zen. Hamabost egunez ibili ginen basamortuan barrena, eta oso herrialde interesgarria da.
Nolakoa da komunitatearekin duzun harremana?
Oso gertukoa. Gehienbat amek osatzen dute, eta denborarekin sareetatik harago doazen harremanak sortu dira.
Azkenik, zer mezu zabaldu nahiko zenuke?
Bidaiatzea oso aberasgarria dela, eta diru askorik izan gabe ere posible dela. Beste errealitate batzuk ezagutzea funtsezkoa da, bai helduentzat, bai haurrentzat.