Eibartarrok Gaztainerre ospatzeko ohitura zaharrari eusten diogu

Ohiturak agintzen duen moduan, eibartarrok Gaztainerre ospatu genuen atzo. Batzuk etxean, beste batzuk sozietateetan, eta Eibarko AEK euskaltegikoek, urtero bezala, herriko kaleetan zehar kantu-kalejiran ibili eta gero Deporren egin zuten afari-meriendan, gaztaina erreak jan zituzten askok.
2025/11/11 22:34
Silbia Hernandez Arrazola

Gaztaina-saltzaileek ere beste edozein egunetan baino lan gehiago egin zuten atzo, normalean ibiltzen dena baino askoz ere jende gehiago gerturatu baitzen atzo gaztaina erreak erostera.
Gaztainerre eguna ez da azaroko egun finko batean ospatzen, baina Eibarren noiz ospatu ondo dakigu, Toribio Etxebarriak lehenengo, eta ondoren Juan San Martinek idatziz jasota laga zigutelako: horrela, Arimen Egunaren osteko bigarren astelehenean ospatzen dugu eibartarrok Gaztainerre. 
Eta horrelako egunerako menua ere nahiko finkatuta dago gurean: marraskiloak eta gaztaina erreak jateko eguna izaten da. Jatorriz hildakoen omenezko otordu sinbolikoa izan zena, gaur egun familian edo lagunekin ospatzen dugun jaia bilakatu da baina, hala ere, Eibarren gaur arte bizirik dirauen eta oso ondo errotuta dagoen ohitura da.