Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko eta enpresak finkatzeko dirulaguntza deialdia egin du Udalak
Iaz bezala, enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko eta martxan dauden negozioak finkatzeko dirulaguntza deialdia egin du Eibarko Udalak. Horrela, bi proiektu motari emango zaie laguntza, Eibarko enpresa-sarea «dibertsifikatu, dinamizatu eta indartzeko» helburuarekin: batetik, enpresa-proiektu berriak martxan jarriko dituzten ekintzaileei; eta, bestetik, merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreetako negozioak finkatu edo modernizatu nahi dituztenei.
Udalak adierazi duenez, deialdiak 200.000 euroko partida du. Erabilgarri dagoen kredituak baldintza guztiak betetzen dituzten eskaeren gastua estaltzen ez badu, dirua proportzionalki banatuko da, onartutako eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoaren arabera.
Eskaerak irailaren 7tik urriaren 8ra aurkeztu ahal izango dira, eta elektronikoki izapidetu beharko dira Udalaren webgunearen bidez (http://www.eibar.eus), lerro bakoitzaren oinarrietan eskatutako dokumentazioa aurkeztuta.