Eider Anguera, Marcan Huella: “Tamaina guztietako txakurrek disfrutatzeko momentua izango da”

‘Txakurrak Uretara’ doako jarduera antolatu du Eibarko Udalak ‘Marcan Huella’ elkartearekin batera. Ekitaldi honen bitartez txakurrek udal-igerilekuan bainu bat hartzeko aukera izango dute zapatu honetan. Aisialdirako espazio desberdin bat izango da, bai animalientzat bai familientzat.
2025/10/07 12:15
eta kitto!

Inoiz egin gabeko jarduera egingo dute zapatu honetan Eibarko igerilekuetan: txakurrek udal-igerilekuan bainua hartzeko aukera izango dute lehendabizikoz eta doan. Eibarko Udalak antolatu du ekimena ‘Marcan Huella’ elkartearekin lankidetzan. Udako denboraldia amaituta, instalazioa itxi aurretik igerilekuei beste erabilera bat emateko asmoz sortu du jarduera Udalak. Instalazioa hustu, ura berriztu eta mantentze-lanak egin aurretik, animalia eta familientzat aisialdirako espazioa eskaini nahi izan dute. 'Marcan Huella' elkarteko boluntarioa da Eider Anguera.

Zer da Marcan Huella elkartea?

2014an hasi genuen ‘Marcan Huella’ proiektua bost lagunek. Gaur egun familia bat gara. Gure lana azkenean da bai kalean bai txakurtegietan dauden txakurrei bizitza polit bat bilatzea, eta besteak beste, albaitariarengana eramatea. Hamabi urte hauetan pila bat txakurrei bilatu diegu familia edo bizitza on bat. 

Hamabi urte hauetan ekintza ugari egin dituzue. Hala ere, inoiz ez igerilekuetan.

Guretzat lehendabiziko aldia da, bai. Beti egin izan ditugu canicrossak, martxak menditik, galak, dantzak… Baina horrelakorik ez. Udaletxeko kirol zinegotziak egin zigun proposamena, irailaren 28an udal-igerilekuak itxiko zituztela-eta. Lehenengo momentuan harritu egin ginen. Kloroa arriskutsua izan zitekeela pentsatu genuen, ez genekien txakurrak uretan nola sartu edo irtengo ziren… Bestalde, dena kontrastatu eta aurrera egitea erabaki genuen. Kloroak ez du arriskurik eta txakurrak irteteko aldapatxo batzuk jarriko ditugu. Igerileku handia, ertaina eta txikia erabiliko ditugu, tamaina guztietako txakurrek disfrutatu dezaten. Era berean, igerilekuko puntu batzuetan kubotxo batzuk jarriko ditugu txakurrek ura edan dezaten. 

Gogotsu zaudete, beraz.

Bai! Guretzat ere esperientzia berria da. Sorpresa izango da guztiontzat, bereziki txakurrentzat. Azkenean, txakurrek beti esperientzia bera izaten dute: parkera joatea, pilotarekin jolastea… Gure helburua txakurrak haien artean harremantzea da. Sozializatzen ikasi dezatela. Hori dela eta, jabeei jostailurik ez ekartzeko eskatu nahi diegu, egun batengatik etxean laga ditzatela. Ez dugu triskantzarik izaterik nahi. Egia da askotan ez dela ezer ere ez gertatzen. Baina, beste batzuetan norbaitek pilota bat bota eta bost txakur joaten dira atzetik pelotaren bila. Eta zer gertatzen da? Triskantza sortzen dela. Orduan, egun batengatik hobe da jostailuak etxean uztea. 

Jostailuez gain, baduzue bestelako eskaerarik?

Pena da, baina hilerokoa duten emeak ezingo dira sartu. Jostailuekin gertatzen den bezala, ez dugu triskantzarik nahi. Hau da, txakur arrak emearen atzetik saltoka, zaunkaka, etab. egotea. 

Eta kakei dagokienez, jakina, jaso egin behar dira.

Txakurrez gain, jabeak ere uretan sartu daitezke?

Ez. Hala ere, sorosle bat egongo da. Txakurren bat uretatik atera behar baldin bada, pertsona bat egongo da horretarako. Gainera, ‘Marcan Huella’ elkartekoak txalekoekin ibiliko gara laguntzen eta txakurren arteko giro ona mantentzen.  

Bada azpimarratu nahiko zenukeen punturik?

Hainbatek kexak edo zalantzak adierazi dituzte egitasmoaren inguruan. Kontuan izan dezatela: igerilekuak itxi egingo dituzte. Beraz, instalazioak ez dira erabiliko. Gainera, ur hori hemendik udara bitarte ez da egongo, garbitu eta aldatu egingo baitute. Belarra ere bai, aldatu egingo dute. Orduan, ez dago arazorik txakurrek egun horretan ondo pasa dezaten. Hurrengo udarako, herritarrak joaten direnerako, ez da ezta txakur ile bat ere egongo. 

Azken eskaerarik?

Gauzak horrela, herritarrak igerilekuetara hurbiltzera gonbidatu nahi ditut. Gainera, ‘Marcan Huella’ elkartearen merchandising-a ere egongo da salgai, gure arropa eta loteriarekin. Postu bat ere izango dugu freskagarriekin eta pintxoekin. Modu berean, eskuak behar ditugu. Beraz, baten batek bere burua sorosle gisa edo beste lanen bat egiteko eskaintzen baldin badu gurekin kontaktatu. Baita etorkizunera begira ere, ‘Marcan Huella’ proiektuak aurrera egin dezan.