Ekain Zarraua: “The Silent Swan bideojoko lasaia da, baina oso polita”
Bideojokoen diseinuaren karrera egin ondoren, Praenaris estudioak bidea egiten diharduenez, Ekain Zarrauak Enpresen Administrazioaren masterra egiten dihardu orain Madrilen. “Proiektua aurrera ateratzea da gure plana”, esan digu telefonoaren beste aldetik.
Zergatik erabiltzen duzu Highnoon gaitzizena?
Nazioarteko marka sortzen saiatzen ari gara eta, orduan, ingelesez aritzen gara kanpora begira. Zentzu horretan, Ekain Zarraua Rokandio izanik, azken aldiz norbaitek nire izena esan zuenean gelako altzari guztiak mugitzen hasi ziren, Harry Potterren sorginkeria izango balitz bezala (barreak). Beraz, zerbait ulergarriagoa izateko, izen artistikoa erabiltzen dut, Ekain Highnoon. Eguerdiko eguzkia da Highnoonen esanahia, hau da, Ekain ingelesez.
Ekainek nolako bidea egin du Highnoon bihurtzeko bideo jokoen mundu horretan?
Bide laburra izan da momentuz. Etorriko den guztiaren hasiera dela pentsatzea gustatzen zait. Bideo jokoen inguruko karreran ezagutu genuen elkar taldekideok eta proiektua hasi genuen. Niri eman zidaten zuzendaritza, ideiak proposatzeko orduan ni nintzelako ideiak zituen pertsona bakarra (barreak). Zentro horretatik atera zen proiektu bakarra izan zen gurea eta jokoen garapenerako Play Stationek duen programa batean sartu ginen. Jokoa ateratzeko bultzada eman ziguten eta, bi urtetan ateratzea espero genuen arren, hiru urte behar izan genituen. Azaroan kaleratu genuen eta, zorionez, proiektuak ez du taldea hil. Gertatu izaten da jokoa atera eta gero nolabaiteko krisi existentziala bizitzea, baina guk horri eutsi diogu eta hurrengo jokoetan eta proiektuetan lanean gabiltza.
Imajinatzen dut txikitatik izan duzula bideo jokoenganako afizioa, ezta?
Bai. Txikitatik ezagutzen nautenentzat ez da ezustekoa izango nire bizimodua hau dela ikustea (barreak). Niretzat izan da sorpresa handiena. Txikitatik Nintendoarekin ibili arren, inoiz ez nuen pentsatzen nire bizimodua hau izango zenik. Matematikak-eta gustatzen zitzaizkidan; beraz, matematika, fisika edo ingeniaritzaren bat ikasiko nuela pentsatzen nuen. Hau da, bide ohikoago bat, ulergarriagoa, gurasoak pozago laga ahal izango nituen ikasketa mota bat. Baina konturatu nintzen, gustatu arren, ez nuela nahi matematiketan buru-belarri sartzea eta, abentura bila, Eibartik urrun zeuden tokien bila ibili nintzen. Orduan, Iruñeako bideo jokoen zentroa aurkitu nuen eta igerilekura botatzea bezala izan zen, baina aukera aprobetxatu nuen eta orain hemen nago.
Noski, kontu bat bideo jokoetan aritzea izango da eta, beste bat, bideo jokoak egitea. Pertzepzioa asko aldatzen da?
Normalean gertatzen da bideo jokoak egiten ari denak bideo jokoetan jokatzeari lagatzen diola. Antzeko zerbait gertatuko da beste kasu batzuetan ere, pentsatzen dut. Adibidez, mendiak gustoko badituzu eta topografoa bihurtzen bazara, agian mendiaz nekatzen amaituko duzu, hiru urtetan zehar mendi bera toki ezberdinetatik igo behar baduzu behin eta berriz gauzak neurtzeko. Paradigma aldatzen da zentzu horretan, bai.
Zure kasuan hori aldatu egin da?
Bai eta ez. Jakina, gero eta gehiago jakin ahala bideo jokoetan jokatzen dudanean trukoak eta abarrak gehiago ikusten ditut. Dena dela, joko onak lehen bezain beste disfrutatzen ditut, eta joko txarrak ez zaizkit gustatzen lehengo neurri berean.
Nolako jokoa da The Silent Swan?
Joko oso narratiboa da. Gure taldearen historia bera kontatzen du. Hasieran mugak genituen, ez genituen programatzaile asko, baina bai artista asko. Orduan, ez da Call Of Duty moduko joko tradizional bat (tiro egitekoak eta oso animatuak), oso lasaia da, baina oso polita eta mundu erraldoi eta ezberdin batetik eramaten zaitu istorio bat kontatzen dizun bitartean.
Nolabaiteko trebezia behar da jokatzeko?
Ez da trebezia berezirik behar, baina bideo jokorik jokatu ez duenari kostatu egingo zaio. Azkenean, edozein bideo joko jokatzeko, nolabaiteko sinkronizazio psikomotriza behar da. Auto bat gidatzea bezala da. Balazta zapaldu, eskuekin bolantea gidatu, batera eta bestera begiratu behar da aldi berean… Behin hori jakinda, moldatu zaitezke. Ba bideo jokoarekin antzera. Hori edukita, edonork jokatu dezake.
Zuk nolako lana bete duzu bideo jokoaren sorkuntzan?
Lehenik, talde guztiaren antolakuntzaz arduratu naiz. Eta bideo jokoari dagokionez, diseinua eta bertan kontatzen den istorioa sortu ditut.
Nolako harrera izan du?
Oso ona. Pentsatzen genuena bezain ona, izugarri aberatsak bihurtu barik. Oso zaila da lehen jokoarekin hori lortzea (splash egitea), baina gure espektatiba zen nahikoa analisi edukitzea batazbesteko bat lortzeko. Hau da, kopuru minimo bat lortu behar duzu bataz besteko bat edukitzeko eta, hori lortuta, gure esperantza zen bataz besteko hori txarra ez izatea. Zorionez, erraz lortu dugu bataz besteko hori pasatzea eta harrera ona izan du, bideo jokoen plataforma nagusienean %90etik gorako iritzi positiboak dituelako. Beraz, ez gara aberastu, baina harrera positiboa izateak eta Play Stationerako bideo jokoa fisikoki kaleratzeak (oso joko gutxik lortzen dute) aurrera egiteko behar genuen motibazioa eman digu.