Ekintzaileen Eguna ospatu dute gaur Debegesan
Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak Ekintzailearen Eguna ospatu du gaur arratsaldean, Debabarreneko pertsona ekintzaileen lana eta ahalegina aitortzeko helburuari jarraituta antolatutako ekitaldiarekin. Eskualdeko hainbat ekintzaile eta heritarrekin batera han izan dira, besteak beste, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea, Miriam Montero Elgoibarko Udaleko ordezkaria eta Maria Jose Telleria Eibarko Udaleko Lan, Berrikuntza eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko arduraduna. Ekitaldia 18.00etan hasi da, Enpresen Azokarekin. Bertan parte hartzen izan diren enpresak honakoak izan dira: Felix Sanchez (Deba, hestebete salmenta), Atena Mobiliario (Eibar, bulegoko altzarien salmenta), Estetika Kerala (Eibar, estetika zentroa), Conversia (Eibar, aholkularitza datuen babeserako legea), Atenor (Eibar, zorrotzaile profesionalak) eta Soluciones de Plástico y Magnesio (Ermua).
Jarraian Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari nagusiak ongietorria egin die bertaratutakoei eta horren ostean Isabel Santiago coach eta ekintzaileak, “Pentsamendu berria, errealitate berria, jarduera berriak” izenburuko hitzaldia eskaini du. Hitzaldiaren ostean, Ibon Muguruzak eta Esther Velascok hartu dute hitza, eskualdeko ekintzaile talde baten izenean, EKINGUNE egitasmo berria aurkezteko. Euren berbetan, “Ekingune eskualdean sortu berri diren enpresei laguntza eta babesa emateko jaio da, ekintzaileen arteko lankidetza bultzatu eta lehiakorragoak izateko”.
Ekitaldia amaitu aurretik Debabarrena Ekinean! eta Bai Industriari! errekonozimenduak banatu dituzte. Debabarrena Ekinean! sariak Jasone Osoro elgoibartarrak (idazle-zerbitzuak eskaintzen duen Berbak www.berbak.net enpresa sortzeagatik, Iraunkortasuna/Nekaezintasuna sailean), Mutrikuko Fadi Domit artisau-arrantzaleak (Plus Ekimena saria) eta Ekingune egitasmoak (talde-lanari dagokion errekonozimendua) eraman dituzte eta Bai industriari! errekonozimendua, berriz, Soluciones de Plástico y Magnesio enpresakoentzat izan da.