Ekintzailetzaren II. Euskadiko Azoka egingo da eguaztenean Untzagan
Eibarrek bigarren urtez jarraian hartuko du Euskadiko ekintzailetza azoka: eguaztenean 10.30etatik 14.00etara Untzagan egongo dira EAE osotik etorritako Lanbide Heziketako ikasleak, eurek sortutako enpresetako produktuak saltzen. Horrekin batera, 12.00etan Txaltxa Zelaian (epaitegi inguruan) falkoneria erakustaldia eskainiko du enpresetako baten sortzaileak. Gaur (astelehena, hilak 4) aurkeztu dute udaletxeko pleno aretoan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Tknika-ren bitartez (Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroaren bitartez) antolatzen duen azoka.
Iaz lehenengoz Eibarren egindako azokak arrakasta handia izan zuen eta, horregatik, aurten errepikatzea erabaki dutela azaldu dute aurkezpen ekitaldian. EJE programan parte hartzen diharduten ikasleek 115 enpresa sortu dituzte eta bakoitzaren eskaintza nahi duenak erosteko moduan ipiniko dute eguazteneko azokan. Salduko dituzten produktuen artean denetarik egongo dela aurreratu dute: artisautza, pertsonalizatutako kopinak, xaboi naturalak… Tartean Armeria Eskolako ikasleek sortutako kooperatiba bik (TUDESIGN, objektu pertsonalak merkaturatzen ditu bakoitzak nahi duen diseinuarekin eta ZENSPIRIT, xaboi artesanalak) hartuko dute parte.
Programaren arduradunen berbetan, "ikasleek enpresa txiki bat sortzen dute eta enpresaren jarduera guztiak garatzen dituzte: irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa… Ikasturtea amaitzen denean enpresak itxi egiten dira. Azokara eramango dituzten produktuak, baina, errealak izango dira, beraiek egin edo merkaturatutakoak. Baina kurtsoan martxan dauden bitartean beste enpresa batzuekin salerosketa eragiketak egin eta banketxeekin hartu emanak izaten dituzte ikasleek".
Kooperatiba txiki modura eratutako enpresa proiektuek praktikatzeko aukera ezinhobea eskaintzen die etorkizunean enpresaren bat sortu nahi duten ikasleei eta bertako produktu eta bestelakoek sarritan arrakasta handia lortu dute jendearen artean. Iazko edizioan, EGH enpresen txapelketan, Armeria Eskolako Oier Murua, Asier Airas eta Oscar Alvarez ikasleek sortutako Noise eskola-kooperatibak saria jaso zuen, marrazki bereziekin eskuz margotutako kamiseten salmentarako proiektuari esker.