Ekitea Xtremo Norte jardunaldiak gaur 15.00etan hasiko dira
Xtremo Norte aldizkariaren ekimenez eta udalak lagunduta, muturreko kirolen inguruko Ekitea Xtremo Norte Jardunaldiak egingo dira gaur (barixakua, hilak 21) eta bihar. Atzo aurkeztu zituzten prentsaurrekoan egun bietarako antolatu dituzten jarduerak eta gaur 15.00etatik aurrera ekingo zaio egitarauari, Eibarko Unibertsitate Laboralean hainbat hitzaldi eta proiekzio eskainita: 15.00etan Katmandu-Everest Periko Iriondo-ren proiekzioa emango dute; 16.00etan Ekintzailetasuna, ametsak lortzea hitzaldia, Jon Odriozolaren eskutik; 17.00etan DYA-ko Jose Luis Artolak jardungo du berbetan; 18.00etan aire-kirolak (base-jauzia, wingsuit, speedfly) azalduko ditu ZionFlyers-eko Alex Berastegik; 19.00etan Edu Uribe ibilaldi luzeetako korrikalariaren hitzaldia hasiko da; eta gaurkoari agur esateko, 20.00etan Sunyata Lapse, TheOutBoundfamily-ren dokumentala emango dute, Ibon Mugerzaren eskutik.
Eta bihar zapaturako, goizetik hasiko dira muturreko hainbat kirolen (slackline, enduro, acroyoga, skate, salto BASE, wingsuit…) erakustaldiak: 09.30etatik 12.00etara Debako hondartzan eta 12.30etatik 15.00etara Errebalen (aparkalekuan). Arratsaldean, 18.00etatik aurrera, horren ohikoak ez diren kirol horien inguruko 10 proiektu aurkeztuko dituzte Unibertsitate Laboralean. 19.30etan Next Stop: Greenland dokumentalaren proiekzioa eta horren inguruko solasaldia egingo dira eta, jardunaldiak ixteko, 20.30etan sari-banaketa ekitaldia egingo dute.