‘Él nunca me pegó’ dokumentala eta Irantzu Varelarekin solasaldia gaur Portalean

‘Él nunca me pegó’ dokumentala eta Irantzu Varelarekin solasaldia gaur Portalean
2017/03/30 12:23
eta kitto!
‘El nunca me pegó’ (Faktoria Lila) dokumentalaren proiekzioa eta, jarraian, filmaren zuzendariarekin, Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministarekin solasaldia egingo dira gaur 19:00etan Portalean, EH Bilduk eta Alternatibak antolatu duten ekitaldian. Sarrera doakoa da, aretoa bete arte.

Irantzu Varelak Euskal Herriko toki askotan aurkeztu duen dokumentala 2015ean egindakoa da eta, 20 minututan, hiru emakumeren istorioa kontatzen du. “Haien gizon-bikotearen eskutik jasotako indarkeria ez fisikoa pairatu duten hainbat emakumeen testigantzak jasotzen ditu. Indarkeria bere forma anitzetan identifikatzeko zailtasunak agerian uzten dituen lekukotasunak dira, baina baita hauei aurre egiteko eta jabekuntzarako giltza ere ematen dutenak”, antolatzaileen berbetan.

Emanaldiaren ostean, hizlari lanetan arituko da filmaren zuzendari eta militante feminista den Varela. Antolatzaileek adierazi dutenez, “hitzaldi honen bitartez emakumeen kontra adierazpide eta intentsitate desberdinetan ematen den indarkeria pairatzen dutenen errealitatea irudikatu eta salatu nahi dugu”.

Irantzu Varela kazetaria berdintasunean, feminismoan, maitasun erromantikoan, lidergoan eta komunikazioan formatzailea da, eta ospea eta oihartzuna lortu ditu gaurkotasunezko eta gogoeta politikorako YouTubeko La Tuerka programaren barnean astero igortzen duen El Tornillo izeneko saio feministari esker.

 

Irantzu Varela kartel