ELA sindikatuak mende erdiko ibilbidea ospatu du gaur Eibarren

ELA sindikatuak azken 50 urteko bilakaera ospatu du gaur (barixakua, uztailak 3) Eibarren, Coliseo antzokian, orduko afiliatuei omenaldia egiteko ekitaldian.
2026/07/03 16:12
Silbia Hernandez Arrazola
'Oinarri sendoak etorkizunerako' leloari jarraituta egindako ekitaldi bereziak jendetza bildu du. Gogora ekarri dutenez, "1976an, frankismotik ateratzeko atakan, sindikatuak bere 3.kongresua egin zuen, bi saio ezberdinetan: abuztuan, Eubako San Gabriel eskola zaharrean (Zornotza), eta urrian Eibarko Astelena frontoian. Orduan, ELAk onartu zituen bere printzipioak, eta horrekin batera berreraiki zuen 2. Errepublikatik zetorren eraitsitako zubia". 
 
ELA sindikatutik adierazi dutenez, "adierazpen hura bere garaian sindikatuaren sorrera-aktaren eta lehen estatutuen (1911) berrikuspena izan zen, gaur egun oraindik ere ELA definitzen duten funtsezko ezaugarriak ezarriz: euskal sindikatu abertzalea, sozialista, independentea eta bere afiliazioaren bidez finantzatua. Gogoratu behar da iaz, 16. kongresuan, ELAk euren printzipioak eguneratu zituen, 50. urteurrena aurreratuz". 
 
Gaurko ekitaldirako, 1976ko irudi historikoa berreskuratu dute (orduko kongresuen iruditeria Jose Luis Zumetak eta Joxean Artzek diseinatu zuten), baina eguneratuta, gaur egungo ikurrak eta koloreak baliatuz. 
 
Coliseo antzokian egin den ekitaldian, 1977tik gaurdaino afiliatuak izaten jarraitzen direnei omenaldia egin zaie, eta azken 50 urteko historia errepasatu da, dokumental baten bitartez. Gainera, Mitxel Lakuntzak, Amaia Muñoak eta Leire Txakartegik hitzaldia eman dute. 
 
Sindikatutik adierazi dutenez, "ekitaldi honek azpimarratu nahi du 50 urte hauetan, ELAk bere bilakaera egin duela, beti ere mundua aldatzeko. Sindikatua ere aldatu da, gaur egun 50.000 emakume baino gehiago afiliatuta daude ELArekin, eta migratuen artean sindikatuaren presentzia gero eta handiagoa da. ELA aspalditik kontsolidatu zen lehen sindikatu gisa (%36ko ordezkaritza dauka EAEn eta Nafarroan): Hego Euskal Herriko eskualde guztietan presentzia homogeneoa duen euskal erakunde bakarra da".