Elena Perez Usartza Txistulari Taldeko zuzendaria hil da

Elena Perez Usartza Txistulari Taldeko zuzendaria hil da
2021/05/07 09:54
eta kitto!
Elena Perez Perez Usartza Txistulari Taldeko txistukidea eta zuzendaria hil da, gaixotasun luze baten ondoren.  Ermuko San Lorenzo auzoan jaio zen baina txikitatik izan zuen lotura estua Eibarrekin, txistuaren munduan 7 urte inguru zituela hasi baitzen  AMALUR dantza-taldean.


AMALUR-en txistua jotzen urte batzuk eman ondoren, Eibarko kontserbatorioan hasi zituen musika-ikasketak. Geroago, Donostiako kontserbatorioan jarraitu eta amaitu zituen ikasketak. Izan ere, 1989an, Jose Ignacio Ansorena katedradunarekin amaitu zuen txistu-karrera, aitortza gorenarekin. Biolontxelo eta zeharkako txirula-ikastaroak ere egin zituen.

Gaztetatik hartu zuen parte  Eibarko txistulari talde batean, eta 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera Eibarko Txistulari Bandako kide izan zen (gaur egungo Usartza Txistu taldea). Bere bizitza musika irakaskuntzan eman du, hainbat ikastetxetan, zein musika eskoletan (Eibar, Ermua, Bergara, Soraluze, Gasteiz, Mutriku...). Herri mailako eta Euskadiko hainbat txistulari -lehiaketatan parte hartu du, banaka zein taldeka eta hainbat sari eta errekonozimendu lortu ditu. Bilboko Udal Bandan ere hainbat aldiz parte hartu du.

Bere taldekideek adierazi digutenez, "beti  ibili da kalejiretan, kontzertuetan eta alardeetan parte hartzen eta laguntzen (Eibarren,  Ermuan, Deban, Soraluzen, Bilbon, Durangon, Zornotzan eta Donostian). Familiako ama eta borrokalari nekaezina, pertsona hurbila, apala eta beti laguntzeko prest. Beti izan du txistuaren kultura eta musikarekin zerikusia duen guztia eusteko eta irakasteko helburua".

...eta kitto!-tik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizuegu Elenaren taldekide, lagun eta senideei. Hilbeila Ermuko Tanatorioan egongo da gaur 17.00etatik 20:00etara eta bihar, zapatua, 11:00etatik 13:00era. Akto zibila bihar egingo da 18:00etan Ermuan, Marques de Valdespinan.

Elena txistua jotzen

Usartza taldea