“Erakusketako emakumeak iluntasunean argia egiteko gai dira, guretzat lumineszenteak”
Azaroaren 29ra arte, “Luminiszenteak: 63 historia emakumeen aurkako indarkeria ikusezinari buruz” erakusketa izango da ikusgai Andretxean. Igone Mariezkurrena Fernandez antropologo eta kazetaria (Pasaia Donibane, 1985) eta Irantzu Pastor Ordoki (Lesaka, 1985) argazkilaria dira "Luminesztenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait" liburuaren eta Andretxean ikus daitekeen erakusketaren egileak. San Andres bezperara arte egongo da zabalik erakusketa, eta bisita gidatua ere antolatu dute, azaroaren 28rako.
Diskurtso nagusietan oihartzunik eta lekurik ez duten emakumeen testigantzak eta argazkiak jaso dituzte urteetako lanaren emaitza den liburu mardulean. Bertako kontakizunen protagonista diren 63 emakumeak bortizkeriazko giroetan bizi edo hazi dira, hala nola okupazio militar, pobretze, behartutako lekualdatze, genozidio edo asimilazio kulturaleko testuinguruetan. Egiturazko indarkeria horiek, baina, emakumeen eguneroko bizitza baldintzatzen duten eta halako errekonozimendurik ez duten beste indarkeria sotilagoekin korapilatzen dira, eta hain zuzen ere, azken horiek atera nahi dituzte argitara egileek.
Zer ikusi daiteke Eibarren aurkeztu duzuen erakusketa honetan ?
Andretxeak hartu duen erakusketak Lumineszenteak du izena, eta izen bereko liburutik ateratako zenbait historia biltzen ditu. Luminiszenteak deitu genion, liburuan eta erakusketan protagonista diren emakume guztiak inguru edo testuinguru oso ilunetan jaio eta hazi direlako. Gerra egoera, pobretze egoera, migrazio eta horrelako egoeretan, baina, hala ere, gai izan dira bere patuari aurre egiteko, oso erresilienteak dira. Gainera, indar eta kemen hori ingurukoen artean kutsatzen dute, eta, horregatik, iluntasunean argia egiteko gai diren izakiak dira, eta guretzat lumineszenteak.
Erakusketarako aukeratu dituzuen emakumeak munduko toki ezberdinetakoak dira. Batetik bestera alderik ikusi duzue?
Proiektu honetan lau herrialde ikus daitezke: India, Palestina, Lakota nazioa eta Euskal Herria. Hau lau urtetan egin genuen, urte bakoitzean bidaia bat egiten genuen. Beraien artean oso ezberdinak diren lau herrialde aukeratu genituen, alde batetik ezberdintasunak garrantzitsuak direlako, eta hori ere islatu nahi genuelako, baina zoritxarrez beraien artean berdintasunak ere badaudelako, indarkeriaz eta emakumeaz hitz egiten dugunean. Leku bakoitzean bere berezitasunekin, baina zoritxarrez kaso aunitzetan, indarkeria estruktural berdinaz ari gara, nahiz eta herrialde bakoitzean aldaera ezberdina hartu.
Indiaren eta Lakota nazioaren kasuan, anbiguetate sexualaren adibide bi aipatu dituzue. Hirugarren identitate sexual hori naturaltasunez-edo aitortzea deigarria egin zait...
Guk Indiaren adibidea ekarri dugu, baina egia da Indian, Pakistanen, garai batean Raj britaniarra izan zen horretan, herrialde horiek kolonizatuta izan aurretik, bazutela beraien sinesmen sistema, eta genero batekoek zein bestekoek bazutela bere lekua gizartean, baita bere funtzioa ere, eta onartuak baino gehiago zirela. Lakoten kasuan ere, kolono zuriak iritsi aurretik, beraien sinesmen sisteman ere esistitzen ziren two-spirit people, bi izpiritu dituzten pertsonak, hau da, ez emakume ez gizon zirenak, oso onartuak, eta jendartearen parte. Kolonizazioa izan da jo-puntuan ipini eta diskriminatu dituena.
Munduan zehar ibili ondoren, pandemia tarteko, ikusten ez ditugun indarkeria horiek Euskal Herrian bilatzen hasi zineten. Zeuen etxean horrelakoak identifikatzea kanpoan aritu zaretenean baino zailagoa izan da?
Bai, beti aipatzen dugun moduan, Euskal Herria izan zen... Uf! Eta orain hemen, gure etxean zer gertatzen da, ezta? Eta, neurri batean, zaila izan zen inplikatzen duelako geure buruen aurrera begiratzea, geure ingurura... Geure inguruan ere badaudelako kasu gogorrak, eta agian orain arte ez genituenak entzunak. Horregatik, identifikazio lan hori zaila izan zen hasieran. Arrazializatuak, arrazismoak, hemen bizi diren migranteen egoerak kontatzera jo genuen hasieran. Noski, hori oso garrantzitsua eta interesgarria da, baina pixka bat pentsatuz gero, geure gorputzetan ere indarkeriak daudela ikusi, eta horretara jo genuen. Gure gizartean, emakume zuri gazte bezala, zer sufritzen genuen ikustera. Sare sozialak, indarkeria estetikoa batez ere, iragarkiak, publizitatea, gizartean bizi dugun emakumeekiko presio estetiko hori lantzea ere interesgarria iruditu zitzaigun, bere marra gorri eta laino guztiekin. Zein zaila eta, aldi berean, zein beharrezkoa eta, batez ere, zein ikusezina den.
Besteak beste, kalean bizi den emakume baten historia jaso duzue, gogorra benetan.
Proiektuaren helburu garrantzitsuenetako bat da beharbada hain ikusgarriak edo hain esplizituak ez diren indarkeria horiek ikusaraztea. Eta kalean bizi diren pertsonak ikusgarriak dira, ikusten ditugu, baina era berean iruditu zitzaigun ikusezinenak ere badirela. Kalean bizi bazara, eta gainera emakumea bazara, zer gertatzen den galdetu genion geure buruari. Testigantza oso gogorrak eta latzak entzun genituen. Lehenik eta behin, emakumeak kale egoera horretara iristen direnerako, gizonak baino askoz ere muturreko egoera batean daudelako izaten da normalean. Geure garai honetan, eta gauden leku honetan, gure gizarteak emakumeari aitortu dion roletako bat familia bat edo etxe proiektu bat aurrera ateratzea eta abar delako. Orduan, zentzu horretan, kalean amaitzea porrot handi bat da. Askok etxean aguantatzen dute aguantaezina: indarkeria esplizitoak, jipoiak, sexu behartua eta horrelakoak, porrota etor ez dadin. Eta gero, behin kalean bizi direla, bortxaketaren mehatxua hor dago, etengabe, eta horren aurrean beraien neu- rriak hartzen dituzte. Esate baterako, lotarako tokia ez errepikatzea. Horrelakoak kontatu zizkiguten. Eta batzuk bere maltratatzailearekin, edo bere gorputza saltzen duen tipoarekin elkartzea erabakitzen dute, nahiago dutelako erasotzaile bakarra eduki ez dakit zenbat erasotzaile potentzialen aurrean bere burua ikustea baino.
Horrelako testigantzak geure buruak kokatzeko, beste egoera batzuk hobeto ulertzeko lagungarriak dira?
Egia erran, erakusketa honek ate bat irekitzen du. Hori nahiko genuke, gai honen inguruan pentsaraztea. Kasu batzuetan ikusiko dugu historiak oso urrutikoak direla, eta emakume hauekin zerikusirik ez dugula, baina historia politak ere pasatu zaizkigu. Kasu batean behintzat badakigu emakume batek erakusketa ikusi eta dagoen guztia irakurri zuela, eta Zerbitzu Sozialetara joan zela laguntza eske, konturatu zelako biktima zela, berak ere indarkeria jasaten duela. Horrekin bakarrik justifikatu egiten da gure kajekin gora eta behera, bueltaka ibiltzea. Eta nahiz eta oso urruneko kulturetako emakumeak eta historiak izan, gure sentitu behar ditugu, emakume-askapen borrokan hauek guztiak ere besarkatu behar ditugulako.