Elkarte gastronomikoei buruzko argitalpen berria egingo du ...eta kitto!-k urte amaieran
Ohiturak ohitura, eta tradizioak tradizio, eibartarrok urteetan aurkitu ditugu gustoko topaguneak elkarte gastronomiko edo soziedadeetan. Lagun giroan eta sabela beteta, bizimodu aberatsa eskaini digute askotan, presarik gabeko bazkari edo afariari jarraitu dion karta-joko edo solasaldiarekin.
Horretaz aparte, ezin dugu ahaztu elkarte gastronomiko horiek sukaldaritza-eskola ere izan direla askorentzat, Karlos Argiñanok berak ...eta kitto!-k orain dela 28 urte kaleratutako “Eibarko Elkarte Gastronomikoak” publikazioaren hitzaurrean zioen bezala, “gure amamengandik jasotako errezetarik goxoenak gorde eta gaurkotuz”.
Argitalpen berria
1996ko argitalpen hura gaurkotzeko asmoz, urtea amaitu aurretik herriko soziedadeak protagonista izango dituen publikazioa aterako dugu. Hori dela-eta, jakina, elkarte horietako kideon kolaborazioa beharko dugu. Gure aldetik, liburu hartan azaltzen ziren izenak jaso ditugu, gerora sorturiko beste batzuekin batera, baina badaiteke izatea guri ihes egin digutenak ere; horrelako kasuetan, eskertuko genuke datu horiek guri jakinaraztea, beti ere ahalik eta produktu osotuena kaleratu ahal izateko.
60 elkarteren bueltan
Alperrak, Amaña, Asola Berri, Aterpe, Baten Bi, Batuak, Behartsuak, Bekuak, Beti Asarre, Beti Galdu, Beti Jai, Bide Alde, Bomba, Botellin, Buztarri, Centro Burgales, Dardai, Dorrepe, Edozer, Erdi Bana, Estrella, Gazte Gogor, Gure Bastarra, Gure Txokoa, Ipurua, Itur Ondo, Itxulanbru, Izar Berri, Izarra, Jaiki, Jatorrak, Jatunak, Kamarroak, Kerizpe, Krabeliñ, La Perla, Legarre Gain, Lore Toki, Ondo Nai, Ospelak, Otarra, Pantalla, Piztu, Rakano, Sasipe, Tariñak, Txabola, Txirikil, Txistu, Umbe, Unzaga, Urkipe, Urkizu Gaiñ, Urko Azpi, Uso Bide, Zatarrak, Zatixa, Zazpi Gazte eta Zorionak. Horiek izan ziren aurreko liburuan kaleratutakoak, guztira 59. Badakigu, horiez gain, Denon Sahatsa, Galdaramiño, Peña Txinbera eta Txirixo berriagoak direla.
Datu jasotzea
Publikazio berrian jasoko ditugun datuak oso errazak izango dira, elkarte bakoitzaren fitxa modukoa betetzeko asmoz. Honakoak izango dira: izena (nondik datorren), helbidea, sorrera-data, bazkide kopurua, kuota, egun berezia (ospakizun eguna) eta urteroko ekitaldiak (egotekotan). Bestalde, logoa eta talde-argazkia ere jaso beharko genituzke.
Gure arteko komunikazioa errazteko asmoz, 605711422 whatsapp zenbakira idatzi dezakezue, zuen elkartearen izena eta kontakturako telefono bat adieraziz. Aipatutako soziedade horietan gure gutuna jasoko duzue datorren asterako.