“Emaiozu berbia euskeriari!” ekintzarekin ospatu dugu aurten Euskararen Nazioarteko Eguna Eibarren
Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna eta, urtero bezala, Eibarko hainbat talde, elkarte eta eragile, Eibarren Akebai, Euskalgintza taldea, …eta kitto! Euskara Elkartea, Udal Euskaltegia, AEK eta Udaleko Euskara Zerbitzua elkarlanean aritu dira lanean, egun horretako arratsaldea girotzeko.
2025/12/04
17:18
Silbia Hernandez Arrazola
Alde batetik, Mintzodromo irekia egin zen, Untzagan. Eta Mintzodromoa amaitu eta, jarraian, aurtengo Euskararen Egunari lerroburua eman dion ekintza, “Emaiozu berbia euskeriari!” izenekoa hasi zen, Untzagako harmailetan. KAXA dantza taldeko kideek gidatuta, Euskal Herrian Euskaraz abestiaren koreografia egin zuten adin guztietako eibartarrek, linternen argiak dantzan ipinita. Ondoren, ekitaldira joandako jendeak “Emaiozu berbia euskeriari!” esaldia osatu zuen, kartelak altxatuta, eta gero, “berbia” desagertu eta herritarrek nahi izan zituzten hitzak agertzen hasi ziren, aurtengo goiburuaren aldaerak sortzen joateko.